Eguberrietan Doneztebarrak merkatari elkarteak tonbola antolatu du. Sari banaketa abenduaren 30ean egin zen eliz atarian. Arrakasta handia izan zuen, baita ondotik emandako txistorradak ere.
Denetara 11.000 boleto inguru banatu dituzte elkartean sartuak diren 49 asoziatuek abenduan. Boleto hauetako batzuk sari zuzena izan dute eta bertzeek zenbaki bat zozketan parte hartzeko. Azken hauek, abenduaren 30ean eliz atarian egon behar izan dute bere zenbakiak saririk ote zuen jakiteko. Sari bikainak banatu dira oraingoan ere.
Eguberritako erakusleiho lehiaketa ere antolatu du Doneztebarrak elkarteak eguberrietan. Lehiaketa honetan 13 bazkidez parte hartu dute eta garailea Belen Loradenda izan da, bigarren Kimetz Belardenda eta hirugarren Lakar Etxea.
Herritarrek botoa emateko aukera izan dute, eta hauen artean zozketatutako eguberritako saskia Petra Jorajuriak eraman du. Zorionak!