Seigarren edizioa bete zuen abenduaren 31n Erreka elkarteak antolatutako San Silvestre lasterketak. Marka berria ere egin du lasterketak, helduen kategorian 115 korrikalari atera baitziren eta bertze 60 neska-mutiko ttikienen kategorian.
Ohikoa denez, eguraldi kaxkarrari aurre eginez giro aparta izan zen. Helduen gizonezkoen kategorian hirugarren urtez segidan Iñigo Arregi doneztebarra nagusitu zen, 4 kilometroak 11 minutu eta 21 segundutan eginez. Bigarren Xanti San Migel doneztebarra izan zen (11:35) eta hirugarren Patxi Irazoki igantziarra (11:36). Emakumeen artean, berriz ere Maika Ariztegi iturendarrak irabazi zuen (14:10), Maria Telletxea doneztebarraren (14:44) eta Leire Telletxea beratarraren (16:10) aitzinetik.
Probaren ondotik, herriko komertzioek eskainitako hainbat opari eta 15 produktu-lote zozketatu ziren.
Gainera, Errekak Leire Uterga Labianori ere oroigarria eta lore-xorta eskaini zizkion, eskuzabal egiten duen lan bikainarengatik. Berak eman zion hasiera lasterketari, Herriko Etxeko balkoitik suziria botaz.
Goizean Mendaurrera
Baina Errekaren Urtezahar eguna goizean goiz hasia zen. Urtero bezala, mendizaleak Mendaurrera igotzera gonbidatuak zeuden eta 60 bat lagunek aurre egin zioten eguraldi kaxkarrari.