Nafarroako Gobernuak Victor Sagardia iturendarraren argazki-obra argitaratu du

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 3a

Familiako erretratua. Artxiboko argazkia

Artxiboak galdutako garai bateko memoria berreskuratu du, Malerrekako paisaian

Nafarroako Gobernuak Victor Sagardia iturendarraren argazki-obra argitaratu du. Artxiboak galdutako garai bateko memoria berreskuratu du, Malerrekako paisaian.

Nafarroako Gobernuak Victor Sagardia iturendarraren argazki-obra argitaratu du. Artxiboak galdutako garai bateko memoria berreskuratu du, Malerrekako paisaian.

Javier Sagardia da bere osaba Victor Sagardia argazkilariari eskainitako liburuaren egilea. Obrak argazki-bildumaren zati erakusgarri bat azaltzen du eta, horrekin batera, informazio osagarriak eta hausnarketak. Egilearen esanetan, artxiboa gizarte sinple eta landa-giroko bateko gaiekin elikatzen da, bere garaiko erlijiotasunean murgilduta dagoena. Sagardiak dioenez, historia txiki baten irudiak dira, Ituren bezalako herrien eguneroko bizimoduarena, kronikagilerik izan ez dutenak eta artxibo honekin galdutako garai baten memoria ikustarazten dutena.

Bildumako argazkiak gaien arabera ordenatuta daude: Argazkilaria eta haren artxiboa, Familiako argazkiak, Familiako bildum), Txangoak eta ibilaldiak, Jauregia eta eliza, Pertsonak eta haien ingurunea, Aldaketak bizitzan eta paisaian, Iturengo bizitza, Iruñeko bizitza, Erretratuak eta Familia-taldeak.


Hitzaurrean Pedro Manterolak gaineratu du argazkienak berezkoak direla "begirada eta haren enigma, berriena gauzarik familiarrenean hautematea eragiten diona, arrotza dena gauzarik ezagunenean", poetika "maitatzen denaren misterioan: familia, adiskideak, tokia, argia eta kolore ezagunak."

Guztira, obra honen 500 ale argitaratu dira, eta 22 euroan salduko dira Foru Erkidegoko liburu-dendetan eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean.



 

Victor Sagardia

Victor Sagardia 1900. urtean jaio zen Iturenen. Haren gurasoek, Francisco Sagardia eta Francisca Karrikaburuk, 11 seme-alaba izan zuten eta haietatik 7k bizirik iraun zuten. Iruñeko San Juango Elizbarrutiko Mintegian ikasi zuen, eta garai hartan hasi zen argazkiak ateratzen. Bere apez bizimoduaren zati handiena Iturengo Sagrados Corazones-eko Kaperan egin zuen, eta bertan egunero meza eta arrosarioa ematen zituen. Jaiegunetan parrokiko organo-jole aritzen zen. 1947ko abuztuan Elgorriagako apaiz ekonomo izendatu zuten, eta kargu hori izan zuen 1952ra arte. Eten horren ondotik, Iturengo kapilautzara itzuli zen, erretiroa hartu zuen arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun