175 korrikalarik parte hartu zuten Doneztebeko VI. San Silvestre lasterketan

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 2a

Errekako mendizaleak Mendaurrera igo ziren Urtezahar goizean. Utzitako argazkia

Goizean, Errekak deituta, 60 bat mendizale igo ziren Mendaurrera

Seigarren edizioa bete zuen abenduaren 31n Erreka elkarteak antolatutako San Silvestre lasterketak. Marka berria ere egin du lasterketak, helduen kategorian 115 korrikalari atera baitziren eta bertze 60 neska-mutiko ttikienen kategorian.

Seigarren edizioa bete zuen abenduaren 31n Erreka elkarteak antolatutako San Silvestre lasterketak. Marka berria ere egin du lasterketak, helduen kategorian 115 korrikalari atera baitziren eta bertze 60 neska-mutiko ttikienen kategorian.

Ohikoa denez, eguraldi kaxkarrari aurre eginez giro aparta izan zen. Helduen gizonezkoen kategorian Iñigo Arregi doneztebarra nagusitu zen hirugarren urtez segidan, 4 kilometroak 11 minutu eta 21 segundutan eginez. Bigarren Xanti San Migel doneztebarra izan zen (11:35) eta hirugarren Patxi Irazoki igantziarra (11:36). Emakumeen artean, berriz ere Maika Ariztegi iturendarrak irabazi zuen (14:10), Maria Telletxea doneztebarraren (14:44) eta Leire Telletxea beratarraren (16:10) aitzinetik.

Probaren ondotik, herriko komertzioek eskainitako hainbat opari eta 15 produktu-lote zozketatu ziren. Sari banaketa ere egin zen, Juana Muñoz zinegotziaren eta Nafarroako Kutxako Ana Juanenearen eskutik.

Gainera, Erreka elkarteak Leire Uterga Labianori ere oroigarria eskaini zion, itzalean egiten duen lan bikainarengatik. Berak eman zion hasiera lasterketari, Herriko Etxeko balkoitik suziria botaz eta Juan Telletxea eta Javiertxo Almandoz Errekako batzordekoen eskutik, lore-xorta eta oparia jaso zuen.

 

Goizean Mendaurrera

Baina Errekaren Urtezahar eguna goizean goiz hasia zen. Urtero bezala, mendizaleak Mendaurrera igotzera gonbidatuak zeuden eta 60 bat lagunek aurre egin zioten eguraldi kaxkarrari. Tartean izan ziren eskubaloiko izarrak ere, Niko Mindegia eta Gurutz Aginagalde, baita trikitixa eta, orokorrean, urtea kirol eginez eta mendira igoz akitu nahi zuten mendizaleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun