Eguberrietako Martiko buruz buruko erremonte txapelketaren zazpigarren edizioa aurkeztu zuten abenduaren 22an Iruñeko Kirolaren Etxean. Joan den urteko finalistak, Gorka Urtasun txapelduna eta Iñaki Lizaso txapeldunordea izan ziren ekitaldian, Martikoko Joseba Martikorena, Nafarroako Kirol Institutuko Miguel Pozueta zuzendariarekin eta Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioko Jaime Agirre zuzendariarekin batera.
Aurtengo txapelketan parte hartuko duten erremontelariak Gorka Urtasun iazko txapelduna, Iñaki Lizaso txapeldunordea, Xanti Uterga eta abenduaren 24 eta 25ean jokatuko den Orona Masterreko kanporaketetatik ateratako bertze bi erremontelari izanen dira. Master honetan Zeberio II, Urriza, Migel Mari Urrutia eta Julen San Migel ariko dira.
Martiko txapelketako lehen kanporaketa, finalaurrekoetako prebia abenduaren 26an, astelehen arratsaldeko 17:00etan jokatuko dute Lizasok eta Utergak. Lehenbiziko finalerdia abenduaren 31n jokatuko da Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, 17:00etatik aitzinera eta bigarrena urtarrilaren 1ean, Iruritako Aranabia pilotalekuan, 18:00etatik aitzinera. Finalaurreko honetarako zuzenean sailkatua dago Gorka Urtasun, beraz, herritarren aitzinean jokatzeko aukera izanen du. Final handia, azken urteetan bezala, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko da urtarrilaren 6an, 16:30ean.
Martikoren azken edizioa
Joseba Martikorenak aipatu zuenez, aurtengoa izanen da txapelketa honek Martiko enpresaren babesa jasotzen duena, proiektu berri baten inbertsio handia eskatu dien enpresa estrategia dela medio. Halere, proiektua laguntzeagatik kontent doazela jakinarazi du eta erremontea, duela 7 urte Fundazioa laguntzera sartu zirenean baino aunitzez hobe dagoela aipatu zuen.