Azkaingo, Sarako eta Hendaiako Herriko Etxetako langileek osatzen duten AEKko Hego Lapurdi 5 taldea duela hiru urte hasi zen euskara ikasten. Ortzegun arratsaldero, Azkainen segitzen dituzte AEKrekin eta urtero bizpahiru aldiz ikastalditan parte hartzen dute.
Hain zuzen, abenduaren 12tik 16ra Saran izan ziren ikastaldietan sail desberdinak lantzen: gramatika, kultura, mintzamena, irakurmena… “Guretzat ikastaldiak arras inportanteak dira, egunean zehar euskara mintzatzeko”, aipatu diguye Maité, Fernand, Hélène eta François ikasleek eta Irene irakasleak. Adibidez, abenduaren 12an, astelehen arratsaldean Senpereko Amotz auzoko Larraldea bisitatu zuten eta “ikusi genuen etxe hau nola eta zertarako zahar berritua izan zen eta kultur elkarteak nola erabiltzen ahal duten egoitza hori. Han bilkurrak, xedeak, erakusketak antolatzen ahal dituzte eta dena urririk”.
Abenduaren 15ean, ortzegun goizean, berriz, Etxalarren Ttipi-Ttaparen egoitza bisitatu zuten, jakiteko aldizkaria nola antolatua duen, erredakzioa, publizitatea, komunikazioa, eta abar. Ttipi-Ttapara bidalitako oharrean diotenez, “eman diguzuen ongi etorriaz eskertzen zaituztegu eta, jakin ezazue guretzat inportantea dela euskara praktikatzea eta ohartzea euskaldunekin nola mintzatzen eta ulerten dugun”.