Lizarrako lau terdiko txapelketatik bi txapel ekarri dituzte Errekako pilotariek

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 21a

Enaitz Telletxea igantziarra, berriz ere txapeldun. Artxiboko argazkia

Enaitz Telletxea igantziarra alebinetan eta Etxarriko Joanes Bakaikoa kadetetan garaile izan ziren

Abenduaren 18an jokatu ziren Lizarrako lau terdiko txapelketako finalak eta Errekako pilotariek bi txapel ekarri zituzten.

Abenduaren 18an jokatu ziren Lizarrako lau terdiko txapelketako finalak eta Errekako pilotariek bi txapel ekarri zituzten.

Alebin mailako finalean, Errekaren izenean aritu zen Enaitz Telletxea igantziarrak 18 eta 14 irabazi zion Goizuetako Umore Onako Antton Apezetxeari. Igantziarra 9-0 irabazten jarri zen eta goizuetarra 16-14ra hurbildu bazen ere, azken bi tantoak eta, honenbertzez, txapela igantziarrarentzat izan ziren.

Kadete mailan, oraindik borroka handiagoa izan zen. Errekan ari den Joanes Bakaikoa etxarriarrak 18 eta 17 irabazi zion Oberenako Iker Espinal-i. Bakaikoa 14 eta 8 irabazten ari zen, baina Oberenakoak 17na berdindu zuen. Halere, Errekako ordezkariak lortu zuen hondar tantoa.

 

Nafarroako Kirol Jolasetako finalak

Abenduaren 17an, Nafarroako Kirol Jokoetako zenbait final jokatu ziren Lizarran. Horietako hirutan Errekako ordezkariak izan ziren eta bitxikeri gisara, hiruetako bakoitzean Urrozko Saldias anaietako bat aritu zen.

Hirugarren mailako benjaminetan, Errekako Dabid Mitxeo doneztebarrak eta Ruben Saldias urroztarrak 13 eta 18 galdu zuten Antsoaingo Gazte Berriak taldeko bikotearen kontra.

Bigarren mailako infantiletan, Urrozko Julen Saldias eta Urrozko Mikel Zozaiak 9 eta 18 galdu zuten Tafallako CP San Sebastian taldeko bikotearen kontra.

Errekakoen garaipen bakarra bigarren mailako kadetetan ailegatu zen: Zubietako Beñat Etxekoloneak eta Urrozko Jabier Saldiasek 22 eta 14 irabazi zioten Oberenako bikoteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun