Merkatarien Eguberrietako kanpainak ere murrizketekin datoz

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 16a

Baztango Bertan elkarteko Jaime Fagoaga, erakusleiho lehiaketan sarituak suertatu diren Miguel Quevedo, Elena Eraso eta Maria Angeles Urangarekin, Iris loredendaren aitzinean. Utzitako argazkia

Halere, hainbat opari zozketatuko dituzte Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako elkarteek

Ez da garai ona eskualdeko merkatarientzat ere, oraindik orain antolatzen dituzten ekitaldien truke Nafarroako Gobernutik jasotzen duten dirulaguntzaren esperoan baitaude. Halere, azken urteetan baino apalxeagoak badira ere, Eguberrietako kanpainak prest dituzte Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako Merkatari elkarteek.

Ez da garai ona eskualdeko merkatarientzat ere, oraindik orain antolatzen dituzten ekitaldien truke Nafarroako Gobernutik jasotzen duten dirulaguntzaren esperoan baitaude. Halere, azken urteetan baino apalxeagoak badira ere, Eguberrietako kanpainak prest dituzte Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako Merkatari elkarteek.

 

Fideltasun kanpaina Baztanen

Baztango Bertan Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu elkartean Fideltasun kanpaina egi­ten ari dira abenduaren 1etik ilbeltzaren 7ra eta ilbeltzaren 9an fideltasun kanpai­na horretako zozketa eginen da. Kanpaina honetan Bertan elkarteko kide diren 92 esta­ble­zimenduek opari bana eskainiko dute. Bezeroek, 12 lauki dituen txartela zigilatu be­harko dute eta komertzio bakoitzak gehienez ere bi zigilu jartzen ahal ditu, eroske­ten kopuruaren arabera (erosketa 20 euro baino gutiagokoa bada zigilu bakarra eta gehia­go­koa bada, bi zigilu). Behin txartelaren 12 laukitxoak zigilatuta daudela, urta­rrilaren 9an egi­nen den zozketan sartuko da eta 92 oparietako bat lortzeko aukera izanen du txartel bakoitzak. Opariak ikusgai daude dagoeneko garai bateko Fantxike dendan, botikaren parean. Horretaz gain, azken urteetako ohiturari eutsiz, erakusleiho edo eskaparate lehiaketa ere egin dute. Maria Angeles Urangaren Iris loredenda suertatu da garaile; bigarren saria Elena Erasoren Mari Cruz lentzeriak eskuratu du eta hirugarrena, Miguel Quevedoren Ferreteria Quevedok.

 

Lanzarotera bidaiaren zozketa Beran

Berako Larun Haizpe elkarteak abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bazkide diren establezimenduetan egiten diren erosketen truke, Lanzaroterako bi pertsonendako bidai baten zozketan parte hartzeko aukera izanen dute. Urtarrilaren 9an eginen den zozketaren irabazleek astebete egonen dira 4 izarreko hotel batean, pentsio erdian. Azkeneko urteetan, haurren oporral­diekin batera, puzgarriak ere paratukatu dituzte Beran, baina aurten dirulaguntza oraindik segurtatu gabe dutenez, ez dutela paratuko jakinarazi dute Larun Haizpetik.

 

Tonbola eta zozketak Donezteben

Doneztebarrak Elkarteak tonbola prestatu du. Abenduan egindako erosketen bidez ton­bo­­lako txartelak eskuratzen dituzte bezeroek eta berehala ikusten dute saria duten edo ez. Baina txartel horiek sari zuzenik ez izanda ere, gorde egin behar dira, zenbakia zozketa batean sartuko baita: 49 bazkideek ematen dituzten opariak, telebistak, wii, bizikletak, xurgagailu-errobotak, urdaiazpikoa, afaria, motozerrak, kazuela-sorta, Nes­presso-tresna bat… Denetara 150 oparitik goiti izanen direla aipatu digu Natalia Rekarte, Doneztebarrak Elkarteko presidenteak. Abenduaren 30ean eginen da zozketa, 18:00etan eta ondotik txistorrada izanen da musikarekin, Santa Luzia Plazan.

 

50 euroko 41 sari Leitzan

Azken urteetan sari potoloak esku gutxi batzuetan gelditzen baziren ere, aurten sari txikixeagoak baino gehiago zozketatuko ditu Kaxkabeltza Elkarteak Leitzan. Zehazki, 50 euroko balioa duten 41 sari (elkarteko bazkide haina) zozketatuko dira egunotan elkarteko establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean. Zozketa, Errege bezperan, urtarrilaren 5ean eginen da Karrape Irratian.

 

Oparien zozketa Lesakan

Lesakako merkatari eta Zerbitzuen Elkartean ere zozketa bat prestatu dute, bezeroen artean egiteko. Azaroaren 16tik abenduaren 16ra egiten diren erosketen truke sariak zozketatzen dira: bi pertsonendako asteburu bat Errioxan, Atxaspin gau bat gosariarekin eta spa saioarekin, igerilekuan masaje tratamentu bat, Eguberrietako janari-loteak, edertasunerako produktuen kita, Eguberrietako pastel eta gozokien lotea, Intzuri optikan 100 euroko bale bat… Abenduaren 20tik aitzinera saridunen izenak jarriko dira dendetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun