Arkupeak elkarteak 585 bazkide bildu zituen urte bukaerako bestan

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 15a

585 bazkide bildu ziren bazkarian. Alicia Del Castillo

Agoizko Francisco Yndurain adintuendako unibertsitatearen laguntza izanen dute 2012. urtean

Arkupeak elkarteak urte bukaerako besta ospatu zuen abenduaren 14ean Donezteben eta 585 bazkide eta hainbat gonbidatu bildu zituen eta 2012rako prestatu dituen ekitaldien berri eman zuen Pedro Bañares presidenteak.

Arkupeak elkarteak urte bukaerako besta ospatu zuen abenduaren 14ean Donezteben eta 585 bazkide eta hainbat gonbidatu bildu zituen eta 2012rako prestatu dituen ekitaldien berri eman zuen Pedro Bañares presidenteak.

Ekitaldiak hasteko, hildako bazkideen omenez meza izan zuten. Meza ondotik Bittor Elizagoien bertsolaria aritu zen kantari eta behin elizatarian, lagunartean solasteko aprobetxatu zuten erretiratuek, kiroldegira jo aitzinetik.

Izan ere, Kadereitako Marisol jatetxeak prestatutako bazkari ederra izan zuten kiroldegian. Aitzinetik, Pedro Mari Bañares presidenteak, heldu den urtean izanen diren berrikuntzak azaldu zituen. Honela, 2012an bazkideendako zenbait ikastaro eta solasaldi egiteko asmoa dauka Arkupeak elkarteak. Bañaresek aipatu zuenez, “Agoizko Francisco Yndurain adintuendako unibertsitatearen laguntza izanen dugu eta zenbait ekitaldi ekarriko ditugu Doneztebera. Beraiek etortzeko prest daude”.

Bertze aldetik, elkarteak gehien kezkatzen duen gaietako bat autonomia pertsonala eta dependentzien prebentzioa da eta presidenteak aipatu zuenez, “Adintuen Kontseiluko bilera batean, Gizarte Gaien Departamentuko kezka nagusietako bat ere horixe dela jakinarazi zuten eta horrek pozten gaitu. Horrek erran nahi du Departamentuaren lehentasunetako bat izanen dela dirulaguntzak ematerako orduan”.

 

2012ko bidaiak

Bidaiei dagokienez, Apirileko Feriarekin bat eginez, Andaluziara joateko asmoa dute, Kadizko herri txuriak ikusiz eta arratsalde-gaua Sevillan emanez. Irailean Paris aldera joateko asmoa ere badute, Loirako gazteluetaraino bidaia segituz. Ordiziako merkatuaren bosgarren mendeurrenera ere joateko asmoa dute eta guttienez, hilabetean behin egun bateko bidaiak ere egin gogo dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun