Bigarren urtez jokatu da aurten Euskal Herriko Ingude-jasotze Txapelketa, eta espero bezala, Joakin Aioroa iturendarra nagusitu zen azaroaren 18an Donezteben jokatutako lehian. Lehendabizikoz eskuratu zuen txapela Aioroak, 91 jasoaldi eginda; iaz baino bi jasoaldi guttiago. Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan zen, 4 jasoaldi guttiago eginda.
Joakin Aioroak, beraz, urte oparoa izan du 2011koa, Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan ere lehen postuan sailkatu baitzen, 94 jasoaldi eginda, eta Nafarroako Txapelketa ere, 91 jasoaldi eginda, berak irabazi zuen. Urrutiari dagokionez, bigarren izan da, bai Euskal Herriko Txapelketan eta bai Nafarroakoan ere (85 jasoaldi).
Bortz kirolari aritu ziren lehian: Josetxo Urrutia (Leitza), Joakin Aioroa (Ituren, Nafarroa), Igotz Ardeo (Getxo, Bizkaia), Unai Ardeo (Getxo, Bizkaia) eta Peru Hiribarnegarai (Getxo, Bizkaia).
Lazaro Bujan leitzarra ere aritzekoa zen txapelketan, baina bezperan ohartarazi zuen ezin izanen zuela ari.