Azken segunduan lortu zuen Donato Larretxeak Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia azaroaren 18an Donezteben.
Lezaungo Juan Jose Lopezekin lehia estua izan zuen finalean. Azkenean, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko lana 31 minutu eta 7 segundotan egin zuen Donatok eta 31 minutu eta 8 segundotan Lopezek. Podiumeko hirugarren koxka Jon Rekondo leitzarrarentzat izan zen (34:43), Olagueko Antonio Senosiain izan zen laugarren (36:34) eta Aurtizko Ander Erasun bosgarren (37:43).
Apusturako prest
Nafarroako Lehen Mailako txapela jantzita, apusturako deia egin zuen Donato Larretxeak. Edozein aizkolariri jokatuko liokeela adierazi zuen, 30 kanaerdikotara. Martxoan jokatu beharko litzateke desafioa, eta enborrak Larretxeak berak eramanen lituzke. Dirutan, berriz, 12.000 eurotik goiti jokatu beharko lituzke aizkolari bakoitzak. Abenduaren 3rako egina zuen aranztarrak hitzordua Tolosan, baina lerro hauek idazterakoan ez genuen apustuak erantzunik izan ote duen ala ez jakiterik izan.