Irakurri mendilerroko megalitoak jendeak paratuak izaten omen dira. Harri pieza kozkor batzuk dira, elkarren ondoan, erdi lurpean daudenak, eskuz sartuak eta, beharbada, denborak ere gehiago sartuak: trikuharriak, iruinarriak eta harrespilak dira, historiaurrekoak, Kristo jaio baino lehenagokoak, alegia.
Joxe Migel Barandiaran zenak eta holako jakintsuek garai hartako kontuak aztertu izandu dituzte. Haien arabera, jendea munduan hasi zenean, ehizatik bizi zen, eta frutak biltzetik: ezkurrak, aran paxakak, mazurtzak eta mendian harrapatzen zuten guzia janen zuten. Ehizatu, berriz, bisonteak, basahuntzak, behor basak, mamutak eta halako piezak ehizatuko zituzten. Gero, klima epeldu egin zen; oraingo tankera hartu zuen, eta hotzeko animalia handi horiek denak iparraldera lekutu ziren batzuk eta bertan hondatu beste batzuk.
Aspaldiko kontuak dira horiek; trikuharriak, ordea, ez dira hainen zaharrak. Harri horiek hor paratu zituzteneko, jendeak bai omen zituen aziendak eta alorrak, eta hartatik bizi omen zen gehien parte. Ehizatik puska bat ere bai, dudarik gabe. Konparazio batera, basurde ehizak egundaino iraun du, eta orduko jendeak utzitako arrastoetan ere ageri dira basurdeen hezurrak eta halakoak.
Orduan, noizkoak dira trikuharriak? Ez da erraza esatea noizkoak diren; mila urteko diferentziak ageri dira liburu batetik bestera; gainera, toki bateko eta besteko trikuharriak ez dira garai berean eginak; baina, irudi bat egiteko, goiti-beheiti, K.a. 4000-3000 inguru horretan hasi izanen ziren, hemen, harriak lurrean sartzen eta bata bestearen gainean paratzen. Eta zerentzat hartzen zituzten halako nekeak? Nonbait ere, jendea hiltzen zenean, toki horietan sartzen zituzten, lurpean. Hilobi gisako batzuk dira, orduan. Inportantzia handia izanen zuen orduko jendearentzat, eta orain ere badute, haiek nola bizi ziren ikasteko balio dute eta.
Saldiasko mugak
Beste hitz bat ere badago trikuharriari esateko: jentiletxea. Saldiasen badira batzuk; denak, eta denak ez bada gehienak, ondoko herriekin mugante. Pentsatzekoa da mugak geroago eginak direla, baina ematen du zerbait ikustekoa dutela. Edozein moduz, ez daude nonahi eginak: leku gora samarretan daude (kasik denak, 700 metrotik gora), eta bista nahiko edo oso zabalak hartzen dituztela.
Azango mehakan dago bat, Bidasoko urak eta Urumeara doazenak bereizten diren toki batean, Eratsunekin mugan. Hondatuxea dago, gehienak bezala. Ez dira alferrik pasatu milaka urte. Zenbaitzuek, gainera, oraingo jendeak hondatuak edo ukituak izan behar dute. Kasik ez du nabari zer diren.
Lexarburun beste bi daude (beharbada, Labaiengo aldetik), franko goian; bat 900 metrora eta bestea 795 metrora. Goienekoak ez du urruti Zubietakoa ere; Malerreka gehiena ageri da handik.
Laugarrena Paiuko hariztiaren ondoan dago, Labaienekin mugan. Aro onarekin, urrutira luza daiteke bista, nola alde batera nola beste aldera. Herritik hurbilena horixen dago. Gainerakoak baino itxura hobea du, baina, besteek bezala, txapela lurrera eroria.
Beste puntara joanda, Tantadira, beste bi daude Eratsungo muga-mugan. Handik hurbil samar, Igoako muga inguruan, bi aldeetako urak banatzen dira, Atlantikora doazenak eta Mediterraneora doazenak; akaso han ere izanen da trikuharriren bat. Orain arte aipatutako horiek katalogatuak daude, batzuk orain berriro harrapatuak; horrek esan nahi du balitekeela gehiago ere izatea.