Malerrekako Gazte Asanbladark antolatuta, Ernadi Rock jaialdia egin zen azaroaren 5ean Donezteben eta egunaren balorazio ona egin dute antolatzaileek. Gogotik egin zuen euria asteburu hartan, eta «nahiz eta putzu artean ospatutako eguna izan, jaialdi arrakastatsua izan zen, momentu oro giro paregabea egon zelako», adierazi dute Gazte Asanbladatik. Goizeko argisoinuen ondotik, hainbat jarduera egin ziren haurrekin: jokoak, aurpegi margotzeak, serigrafia tailerra... Ttikienekin akitzeko luntxa izan zen. Arratsaldean, kafea eta kopa eskaini zen eta ondotik, gazte olinpiadak egin ziren herrian, trikitilari eta bertsolariekin. Ilunabarrean karpa jendez betea zegoela afaria eman zen eta honetara ere jende andana bildu zen. Kontzertuek ere harrera ona izan zuten. Lerro hauen bidez, Gazte Asanbladak eskerrak eman nahi izan dizkiete lagundu eta parte hartu zutenei. Bide batez, gaineratu dute, «egun honetan bizitakoa bertan gelditu ez dadin, ernadi gazte».