40 entitatek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagia

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 14a

Bai Euskarari ziurtagiridunak azaroaren 25eko banaketaren ondotik. Utzitako argazkia

Zazpi entitate berrik bat egin dute egitasmoarekin

Alberto San Migel Malerrekako Mankomunitateko lehendakariak, Patxi Mariezkurrena Malerrekako Euskara Ba­tzordeko buruak eta Arkaitz Illarramendi Ziurtagiriaren Elkarteko ordez­kariak gidatu zuten azaroaren 25ean Malerrekako Euskara Mankomunitatearen egoitza berrian egindako Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia. Guztira, 40 enpresa, komertzio eta bertze entitateek jaso zuten Ziurtagiria.

Mankomunitateko eragileak gustura agertu ziren, hamarretik zaz­pik berritu baitute iaz Ziur­tagiriarekin sinatutako konpromisoa. Gisa berean, nabarmentzekoa da zazpi entitate be­rrik bat egin dutela egitasmoarekin: Artlepo, Arrate Estetika, Ainhoa ile-apaindegia, Ogi-Berri, Sasoi Eraikun­tzak, Zergalan eta Iturengo He­rri­ko Ostatua. 40 Ziurtagirietatik hamaikak Zerbi­tzua euskaraz maila lortu dute eta gainon­tzeko guztiek Bidean maila.

Alberto San Migel lehendakariak Ziurtagiria jaso duten entitateak zoriondu ondotik, norabide berean «urrats biziak» ematen segitzera animatu zituen. Eta Mankomunitateak euskaraz bizitzeko hautua egiten duten he­rritarrei aukerak eta erraztasunak ematen segitzeko­ konpromisoa mantenduko duela az­pima­rratu zuen.

Patxi Mariezkurrena ere pozik agertu zen. Bere iritziz, Ziur­tagiriaren ba­naketa ekitaldiak agerian uz­ten du Malerrekan 2009­an martxan ja­rrita­ko Euskaraz bai dinamika «osasuntsu» dagoela­. Malerrekako entitate, en­presa eta komertzioei dei egin zien aurreran­tzean euskara erabiltzen segi de­zaten bere egunerokoan: «Euskaraz bizi­tze­ko jarrera gure egin eta indartuz gero, euska­ra­ren normalizaziotik gertuago egonen baikara».

Ekitaldia akitu baino lehen, Arkaitz Illarramendi Ziurtagiriaren Elkarteko ordezkariak eskerrak eman zizkien Ziurtagiria ja­sotzera hurbildutakoei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun