2012ko murrizketak hurrengo urteetan ere ezar ditzakeela dio Euskarabideak

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 14a

Euskarazko hedabideak dirulaguntzarik gabe utzita kolokan geldituko dira. TTIPI TTAPA

Ortziral honetan agerraldia eginen dute euskarazko hedabideek Parlamentuan

Nafarroako Gobernutik datozen berriak gero eta ilunagoak dira eta Nafarroako euskarazko hedabideen panoramak ez du itxura onik. Aitzineko alean aipatu bezala, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen dirulaguntza gero eta urria­goak desagertarazi egin nahi ditu heldu den urtean, baldin eta Gobernuak 2012rako egin duen au­rrekontu proposamena onar­tzen bada. Eta itxu­ra guztien arabera, onartu eginen da proposamen hori. Izan ere, Bilduk, NaBai 2011k eta Ezkerrak hurrengo urte­ko aurrekontuetan euskarazko dirulagun­tzei eusteko eskatuz, zuzenketak aurkeztu zituzten, baina guz­tiak gibelera bota ditu UPN-PSNk. Gainera, 2012ko mu­rrizketak datozen urteetan ere ezar­ daitezkeela adierazi du Maximino Gomez Euskarabideko zuzendariak.

Ez hori bakarrik. Aurtengo dirulaguntza ere airean dago. Nafarroako Gobernuak adjudikatutako aurtengo diru­la­gun­tzen biga­rren zatia osorik kolokan egon daiteke. Hasiera batean, «aurrekontuak doi­tzeko» bigarren zatiaren %35 murriztuko zela erran zuten Euskarabidetik, eta orain, biga­rren zati hori %100ean desagertzeko aukera ma­hai gainean paratu dute.

Euskarazko hedabideentzako sosik ez, eta bitartean, Nafarroako gaztelaniazko hiru telebista kate pribatuentzat –Canal 4, Canal 6 eta Popular TV– 2.450.000 euroko diru saila aurreikusia dago, eta urteetan 3 milioi euro banatu izan ditu hiru telebista horien artean. Euskarazko hedabideen­tzat, berriz, 230.000 euroko partidak izan dira urterik onenean hamaika komunikabideren artean banatzeko. Gisa berean, adierazgarria da, Gobernuak publizitate ins­ti­tuzionalean gastatzen duen %99 baino gehiago gaztelaniazko hedabideetan gastatzen duela.

Egoera beltza ikusita, Nafarroako euskarazko hedabideak alderdi politikoetako ordez­kariekin eta Nafarroako Arartekoarekin bildu dira. Horrez gain, or­tziral ho­netan, abenduak 16, Nafarroako Parla­men­tuan solastuko dira, euskarazko hedabideen egoeraren berri emateko eta UPNk har­tzen dituen erabaki politikoak Nafarroako euskaldunak biga­rren mailako he­rritarrak bilaka­tzeko ekidin dezaten eskatzeko. Horrekin batera, 2012an hedabideetan euskara sustatzeko 650.000 euroko partida eskatuko dute, eta horietako %80 guttienez euskara hutsez lan egiten duten medioen artean bana dadila. Bide batez, lankidetzarako prest daudela jakinaraztera ere joanen dira euskarazko heda­bi­deak­ or­tziralean Parlamentura.

 

ZUZENKETAK

Bilduk, NaBai 2011k eta Ezkerrak 2012ko aurrekontuetan euskarazko dirulguntzei eusteko eskatuz aurkeztutako zuzenketak gibelera bota ditu UPN-PSNk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun