Atsekabe franko sortu zituen 1936ko Gerra Zibilak. Gerra bukatuta irabazleak eta gizonezkoak izan ziren historia idatzi zutenak, eta emakumezkoak eta galtzaileak bazterrera gelditu ziren. Baina 75 urte beranduago, gerra hura eta ondorena ezagutu zuten emakumeek ere badute zer kontatua.
Gerra Zibila eta ondorena, ez ziren beharbada Euskal Herriko bertze zenbait tokitan bezain gogorrak izan eskualdean, baina gerra, beti da gerra, eta gisa batera edo bertzera herritar guztiengan du eragina, bando batekoa izan zein bertzekoa, emakume ala gizon, zahar edo gazte. Kontatzen denez, Gerra Zibilaren hasierako hilabeteak izan ziren gogorrenak gure inguruan. Gipuzkoako mugan frontea eratu zen, eta frontea Gipuzkoa barnerantz joan arte, eskualdeak gerraren ondorio larrienak zuzenean ezagutu zituen. Gainera, Iparraldearekin mugan egoteak toki estrategiko bihurtu zuen.
Gerrak iraun zituen hiru urteetan gehienak halabeharrez Francoren alde borrokatzera bidali zituzten, eliza eta karlistak Francoren alde agertu baitziren. Bertze batzuek, ordea, arrazoi politikoengatik edo gerrara ez joateagatik Iparraldera ihes egin zuten.
Gerraren ondorioak denek jasan bazituzten ere, bada beti bazterrean edo ahaztuta gelditu izan den begirada bat, eta hori emakumezkoena da. 75 urte bete dira aurten gerra hasi zela, eta hori aitzakiatzat hartuta egin da Amantalaren ahotsa ikuskizuna Gerra Zibila ezagutu zuten Gipuzkoako dozenaka emakumeren testigantzak bilduz. Bide beretik, TTIPI-TTAPAk Gerra Zibila eskualdeko adineko emakumeen begietatik bildu nahi izan du. Eskualdeko lau emakumezkorekin egon gara, garai haiek nola bizitu zituzten jakin gogoz: Inaxi Iparragirre (Arantza), Rosario Karrikaburu (Arraioz), Maritxu Salaberria (Goizueta) eta Isabel Organbide (Urdazubi) dira.
Inaxi IPARRAGIRRE (Arantza)
«Gerrak negar aunitz eragin zuen. Familiek sufritu egin zuten»
85 urterekin, ongi oroitzen da Gerra Zibileko kontuez Ontsenborda baserriko Inaxi Iparragirre. Zazpi senideko familiakoa, 9 urte zituen gerra hasi zenean. «Atta zena lineako guarda zen eta goiko herrietan, Almandozen eta, ibiltzen zen. Iruñetik banda bat heldu zela erran zioten eta orduan alkate zenarekin solastuta, alkateak segidan konponduko zela erran zion gure attari. Baina bertze herrietara bezala, honat ere etorri ziren». Halaxe azaldu dizkigu Inaxik gerra aitzineko bere oroitzapenak. Bertze herrietatik bezala, Arantzatik ere eraman zuten jendea Francoren alde gerran borrokatzera: «Arantzatik jende aunitz joan zen, behartuta, eta ez euren borondatez». Eta horien artean, bere anaia zaharrena ere eraman zuten: «18 urte bete gabe eraman zuten. Lehenbiziko Iruñera eraman zuten eta handik Gasteizera joatea tokatu zitzaion. Handik etorri zenean 25 urte zituen». Gerraren ondorioz, hildakoak ere izan ziren Arantzan; Inaxiren arabera, hamar bat herritar hil ziren. «Gazteak eraman zituzten, eta gero urrikitu ere egin omen ziren gazteegiak eramateagatik eta eskarmenturik gabeakoak izateagatik», dio. Ideia politikoengatik, batzuk preso ere hartu zituzten: «sei lagun eraman zituzten preso, baina apezak informe onak eraman zituen eurei buruz eta libre utzi zituzten. 15 bat egun pasatu zituztela uste dut».
Gerrak «negar aunitz» eragin zuela adierazi digu Ontsenbordako alabak: «amak haurrekin utzi eta attak gerrara joan ziren eta mutil gazteak ere eraman zituztenez, familiek sufritu egin zuten». Anaia zaharrena gerran egon arren, etxean lanak egiteko ez omen ziren gaizki moldatu Ontsenbordan: «etxeko lanak egiteko bertze anaiak hor zeuden«, erran digu. Gerra akautu ondotik, bertze anaiek ere «zerbitzatu» omen zuten.
Goserik ere ez omen zuten pasatu etxean, nahiz eta «orain bezalako aukerarik ez zen izaten», dio Inaxik. Eta gaineratu digu, «gerra aitzinetik ere ez ginela orain bezala ongi». Ez zen oraingo «erosotasunik»: «orain aziendak belagira botatzen dira, baina orduan han ari behar izaten zen lurrak moldatzen, artoa erein, ilarra... Orain, gaztainari ere ez da kasurik egiten». Jateko eskasiarik ez, baina arropak eta oinetakoak falta izaten zituztela kontatu digu.
Oraindik neska kozkorra zen gerra garaian Inaxi, eta gerrak gerra, «libesioa izanez gero, kontent» izaten zirela ere aitortu digu: «soldadu joateko mutiko kozkorrak edo pelaioak prestatzen aritzen ziren herrian, txistu eta guzti, eta gu haiei begira egoten ginen».
Eskolara ere joaten zen, baina «ez orain bezalako enpeinuarekin». Azaldu digunez, «goizean irakurtzen aritzen ginen maistraren ondoan, eta kuadernotan idazten eta kontuak ateratzen ere bai. Arratsaldeak laboreetarako izaten genituen eta niri aunitz gustatzen zitzaidan. Puntuan, gantxiloan... aritzen ginen. Eta astean egun batez, marrazketa egiten genuen». Hori bai, eskolan gaztelaniaz, baina euren artean beti euskaraz: «elkarren artean, beti euskaraz aritzen ginen. Ez genekien deus ere erdaraz, eta batez ere baserritarrak, beti euskaraz aritzen ginen. Gerra ondotik Doneztebera joan nintzen erdaraz solas batzuk ikastera».
Jendea isilik
Herrian jendea isilik egon zela aipatu digu: «beldurragatik, ez zuen deus ere erraten. Gainera, isilik egoten zena hobeki zegoen». Eta gerra akautu zenean, kontent sentitu zela gogoan du Inaxik: «anaiak onik zeudelako». Horrekin batera, esnea saltzeko letxerategiak ere paratu omen ziren herrian, «eta guk, baserritarrok, harat eramaten genuen etxeko esne sobrantea sos batzuk kobratzeko. Sos horiekin txardin zaharrak eta arropak erosten genituen». Halere, gerra ondotik jendea okerrago gelditu zela uste du: «diruak ez zuen balorerik eta gerran ibilitako alemaniarrek eta italiarrek ez zuten dirurik nahi, jatekoa nahi zuten».
Badu gerra ondoko bertze pasadizo berezi bat ere gogoan, alemaniarren hegazkin bat Arantzan erori zenekoa, hain zuzen: «14 urte izanen nituen eta Antonio anaia eta biek mezara bidean ginela, hegazkin batek mendia jo zuela ikusi genuen eta ilargia bezalako bat agertu zen. Nik uste nuen azken juizioa zela!», dio. Mendia dena sutan gelditu omen zen eta barrenean zihoazen zazpi lagunak ere hil egin ziren. «Hegazkinaren puskak herrian ere egon ziren. Herritarrei menditik behiekin karroan hartu eta ekartzeko ordaindu egin zietela uste dut».
Rosario KARRIKABURU (Arraioz)
«Soldaduen guatzeak aldatzera eta arropak garbitzera gaten ginen»
Arraiozko Jauregizaharrean sortua da 89 urteko Rosario Karrikaburu, zortzi senideko familian. 7 urterekin Erratzura joan zen izeba batengana, eta umetako urte haiek Arraioz eta Erratzu artean «gan-torri» pasatu zituen, baita gerra denbora ere. Horregatik dakizki bi herrietako kontuak.
Herri guztietan ezkilak jotzen hasi zirelako ohartu zen Rosario gerra hasi zela: «nire ahizpa ileapaindegira gana zen eta Elizondotik oinez heldu zen. Ni orduan Lekarozen nengoen ahizpa baten etxean eta etorri zelarik, fraile guztiak leihotik begira ikusi zituen. ‘Zazi, zazi etxera, gerra hasi da eta ezkilak horregatik dira’, erran zioten eta etxera etorri ginen». Atzo gertatu balitz bezala gogoratzen du.
Gerra hasita, Arraiozera itzuli zen: «hemengo jendea Bidasoaldera jatekoa eramaten hasi zen mandoekin, eta bat edo bertze hil egin ziren», adierazi digu. Egun batzuen buruan, Erratzura joan zen izebarengana: «Erratzun, iganderoko dantzak eta inauteriak bertan behera gelditu ziren». Horrez gain, herri guztia soldaduz bete zela ere oroitzen da: «lehenbizian hemengo soldaduak ziren, eta gero, behartuta lan egitera hainbertze preso ekarri zituzten».
Aduana «haundi» bat ere omen zegoen Erratzun, eta kontatu digunez, «etxeetatik maindireak eman genituen soldaduendako. Guatzeak aldatzera eta soldaduen arropak garbitzera ere gaten ginen». 14-15 urte izanen zituen. Iparraldearekin muga egiten duelako, mugimendu haundia sortu zen garai hartan Erratzun. Rosarioren irudiko, «Baztango bertze herrietan baino gehiago. Militar aunitz zegoen, eta karabineroak ere bai».
Bi anaia gerran
Rosariori bi anaia joan zitzaizkion gerrara, bat Teruelera eta bertzea Bilbora. Horietako batek urte osoa egin omen zuen etxera agertu gabe, eta etorri zenean eskuak hondatuta itzuli omen zen, hotzaren eraginez. Bertzea, ordea, lehenago etorri zen, baina eritu zelako: «Lekaroz eta Oronozko komentuak ospitale bezala paratu zituzten, eta nire anaia, eritua, Lekarozko komentura ekarri zuten. Igandetan bisitatzera gaten ginen». Anaiek kontatuta dakizki, trintxeretan nola lo egiten zuten: «hotza pasatzen zuten, eta bertze aldekoekin ere solasean aritzen omen ziren. Eskualdunak ziren bi aldetakoak eta ez zuten bat bertzearen kontra deus ere, baina manatzen zietenez...».
Dena den, bi anaia horiek gerrara joan gabe gelditzeko aukera izan zuten: «gerra hasi zelarik, bi anaiak Frantzian ari ziren lanean. Desertore gelditzen ahal ziren, baina gure aitak etortzea nahi zuen, gerra komunismoaren kontra eta Jaungoikoaren alde zela erran zutelako. Horregatik etorri ziren». Frantziatik itzuli ziren eguna ere gogoan du Rosariok: «ikurrinarekin eta gerriko nazionalistarekin etorri ziren, eta Gartzainen emazteki batek kentzeko erran zien. ‘Zertaz? Hau gurea da!’, galdetu omen zuten, baina emaztekiak hobe zituztela kendu erantzun, eta kendu egin zituzten.
Arraioz eta Erratzu. Gerra garaian bi herriak ezagutu zituenez, bada atentzioa deitu zion bertze zerbait ere: «Erratzun guardia egiten zutenak fusilekin egoten ziren, eta Arraiozen, etxeko gizonek, aita eta osaba tartean, ehizeko eskopetarekin gan behar izaten zuten. Ez zuen inongo logikarik...». Hortaz aparte, gogoan du denek bandera espainolaren botoi bat eraman behar izaten zutela, «derrigorrez», eta balkoi eta leihoetan ere bandera espainolak paratu behar izan zituztela.
Gerra aitzinetik, «biziorik gabe, baina kontent eta ongi» bizi omen ziren Rosario eta familia. Baina ideia politikoak tarteko, erran digunez, «eztabaida aunitz» izaten ziren». Goserik ere ez zuten pasatu, ez gerra aitzinetik eta ez gerra denboran ere: «Erratzun denda bat zuen izebak, eta trukean aunitz egiten genuen». Goserik ez, baina beldurra bai, eta bereziki bi anaia gerrara joanak zituelako. «Hiriburu bat hartzen zutelarik, koheteak eta ezkilak hasten ziren. Anaiak gerran zeuden eta ez nekien bizirik ala hilik ziren. Horrelako toki bat hartutakoan, beti ekartzen zuten norbait hilik». Sakrifizioak ere egiten zirela azaldu digu: «anaiak gerran zirelako, postrea hartzeari utzi, zinea ikusteko aukera izan eta ez gan...».
Eskolan ere aldaketa somatu zuten gerra hasita. Ordura arte, gehiena erdaraz egiten bazuten ere, egun batez eskuara ematen omen zuten, baina gerra hasita, maixu-maistra «arras erdaldunak» ekarri omen zizkieten. Gisa berean, elizako kantuak ere erdaraz egiten hasi omen ziren. Etxean eskuara eginagatik, Erratzuko karriketan erdara aunitz somatzen zela kontatu digu: «erdaldun aunitz zegoen, eta aunitz aritzen ginen erdaraz, sobera», iritzi dio. «Bertakoak eskuaraz ere aritzen ginen, batez ere ni baino zaharragoak. Baina guk eskolan erdaraz egiten genuen, eta karabineroen alabak ere lagunak genituen eta haiekin ere erdaraz egiten genuen».
Etxean soldaduak hartu zituztela ere oroitzen da. «Erratzun bi kataluniar izan genituen eta Arraiozen donostiar bat. Honek gure etxean telefonoa paratu zuen, eta guk ere solas egiten genuen».
Ezkilen bidez konturatu zen gerra hasi zela, eta akitu zela ere modu berean jakin zuen, ezkilak somatuta. Ordura arte, derrigortuta etxeetan eduki ziren Espainiako banderak «denbora luzez» segitu zutela aipatu digu, eta ikurrina, «arras mantso» etorri zela: «frantsak ekarri zuten Elizondora. Besta bat egin zen eta emozionatuak gelditu ginen hainbertze jende ikurrinarekin ikusita».
Maritxu SALABERRIA (Goizueta)
«Etorri eta segituan, Espainiako bandera paratu zuten soldaduek udaletxean»
Sortzez Oattolo baserrikoa da Maritxu Salaberria (89 urte), baina ttikitan herrira bizitzera etorria guraso eta lau senideekin. 13-14 urte zituen Gerra Zibila hasi zenean, «adin eroa», dio irribarrez. Eta beharbada horregatik, ez duela gerrako oroitzapen txarrik aitortu digu: «soldaduak behin ere ikusi gabeak genituen eta saltsa non, gu han». Baina badu bai zer kontatua: «gerra hasi zela zabaltzen ari zen, tropak heldu zirela eta denak hartuko gintuztela. Eta Goizuetara ere, tropak ailegatu ziren». Horrela azaldu digu. «Soldadu asko etorri ziren eta sartu zirenean, segituan Espainiako bandera paratu zuten Herriko Etxeko balkoian, eta denak kalean bueltaka hasi ziren». Tropen etorrerak beldurra eragin omen zuen herrian: «gure ama ere negarrez hasi zen», gogoan du. Izan ere, etxean 17 urteko anaia zuen, eta horrek kezka eragin zien. Guardiazibilak etxeraino ere joan omen zitzaizkien: «atea jo eta aitari behirik ba ote zuen galdetu zioten. Etxe askotan atea ireki eta sotoa bistan izaten da, behiak bistan, eta gurean ere bai. Aitak baietz erantzun zion. Eta zenbat zituen eta karroa ere ote zuen galdetu eta bi zituela eta karroa ere bazuela esan zion aitak. 7etarako plazara joateko agindu zion, karroarekin eta behiekin, Artikutzara jatekoa eraman behar zutela». Artikutza soldaduz betea zegoen, eta «egun frankotan jatekoa eraman behar izan zuten».
Gau batean, beste bisita bat ere izan zuten etxean, sarjentu eta soldadu batena: «zenbat gela genituen soberan galdetu eta oheak paratzeko agindu ziguten, egun batzuetarako bizpahiru soldadu etorriko zirela gauak pasatzera. Hiru etorri ziren», adierazi digu. Baina egun batzuk pasatuta joan omen ziren: «libre zeuden garaje eta sotoak harrapatu zituzten eta soldaduentzako prestatu zituzten».
Tiroak eta hildakoak
Maritxuren hitzetan, gerraren hasierako egunetan soldadu asko ibili zen herrian barna, baina gerora kopurua jeitsi egin zen. Herrian kuartela ere bazen, «lauzpabost guardiazibilekin, eta gutxi zirelako soldadu batzuk ere gelditu ziren, makiak ere ibili baitziren». Gainera, abisua ere eman omen zieten herritarrei: «inor arrotzik etortzen bazen, kuartelean abisua emateko». Eta izan ziren halako kasuak: «Baserri batean, lau lagun sartu ziren ate joka arratsean, jan gabe hiru egun bazituztela eta ea zerbait emanen ote zieten. Hotzak eta goseak zeudela. Su ederra egin omen zuten eta jatekoa ere eskaini omen zieten. Baina etxeko semea kuartelera etorri eta lau hantxe zeudela kontatu zuen. Guardiazibilak joan eta eraman egin zituzten, baita hil eta lurperatu ere. Bilbo eta Donostiakoak ziren». Beste kasu batez ere oroitzen da Maritxu: «borda batean, lanean ari zirela, pertsona bat agertu omen zen, kalterik ez zuela eginen eta bordan lo egin nahi zuela esanez. Eta baietz lo egiten ahal zuela. Baina herrira etorri eta guardiazibilei esan zioten. Guardiazibilak bordara joan ziren, eta eskaileretan gora haren bila zihoazela hark tiroa bota eta ihes egin zuen».
«Gainerakoan, ez zen tirorik izan –dio–, baina saiakerak bai». Honela kontatu digu: «nazionalista batek Batzokia paratu zuen plazan, nahi zuenak apuntatzeko eta gazteria afiliatu egin zen. Aberri Egunetan festa haundiak antolatzen zituen, eta Goizuetara ere Hernanitik propio txistulariak eta danborjoleak ekarri zituen, mutilak beren dantzak eta guk gureak ikasteko. Gero, 1936ko Aberri Egunean Donostian dantzatu genuen. Hiru autobus joan ginen Goizuetatik, bi mutilenak eta bat neskena». Batzokiko buru egiten zuen hori, eta batzokia zegoen eraikineko nagusia lagunak omen ziren, eta horiek biek ere hartu omen zituzten hiltzeko asmotan. «Baina sarjentuak hori ez zela hiltzeko motiboa eta soltatu egin zituzten», adierazi digu.
Gainerakoan, beste herrietatik bezala, Goizuetatik ere «behartuta» joan ziren gazteak gerrara soldadu. «Hiru boluntario ere baziren, falangistak, baina besteak behartuta eraman zituzten. Gure anaia ere eraman zuten». Eta zazpi urte pasatu omen zituen kanpoan. Hona hemen arrazoia: «kapitainaren zakurra goiko dorretik bota eta zakurra hil egin zen eta atxilotua egon zen».
Maritxuk, bere aldetik, eskolan segitu zuen: «14 urte arte aritu ginen. Gerra aurretik eta gero ere, maistra berak segitu zuen. Zarauztarra zen, euskalduna, baina ez zioten uzten euskaraz hitzik egiten. Guk geure artean euskaraz egiten genuen eta maistrarekin erdaraz, atzekoz aurrera edo aurrekoz atzera, baina ari». Eta goserik ere ez omen zuten pasatu, «artoa eta ilarra bazelako». Baina gogoan du, batzuk ezinean ibili zirela.
Isabel ORGANBIDE (Urdazubi)
«Anaia falange sartu zen, bertzela, etxea hartuko zutela erran ziotelako»
Gantxenea baserriko sei seme-alaben artean, gazteena da Isabel Organbide, Felipe Otegirekin (hau ere urdazubiarra) ezkondu eta gaur egun Senperen bizi dena. Gerra Zibilaren garaian, haurra zen oraindik, baina ez ditu ahaztuak orduko kontuak. Gainera, senarra lagun izan du garai haien kontakizunean. Hala, gogoan dute gerraren hasierako egun haietan, «aduanak arras itxi eta jendea hartzen hasi zirela, eta zenbait preso ere eraman zituztela Urdazubitik Iruñerat. Nazionalistak ziren. Ez genuen zer zen konprenitzen baina beldurtu ginen». Gaineratu digunez, «gero gehiago estutzen hasi ziren».
Gerrarekin batera, beldurra zabaldu omen zen herrian, eta horregatik edo, «jendea ez zen aunitzik mobilizatu, isilik egon zen», kontatu digu. Bertzeetan bezala, mutil gazteak gerrarako deitu zituzten eta horietako bi ez ziren gehiago itzuli: «Urdazubiko bi hil ziren gerran, batto Elorrion eta bertzea Galizia aldean».
Anaia falangistekin
Isabelen anaia ere gerrara joan zen, eta horregatik, «penatuak» egon zirela azaldu digu. Gainera, kolpatua izan zen: «buruan metrailetarekin kolpea hartu zuen». Bi taldetan ibili zen Isabelen anaia: «Urdazubin, gizon gutti zen eta denak bortxatuko zituztela erran zioten, eta hobe zutela boluntario gan. Hasieran, errekete gan zen boluntario, eta gerrarako prestatu zituztenean, Iruñetik eskapatu zen. Zugarramurdiko lagun batekin oinez etorri zen etxera. Eta gero, falange sartu zen, sartzen ez bazen, etxea hartuko zutela erran ziotelako. Ama bakarrik zen eta ez zen egoten ahal etxerik gabe», aitortu digu. Izan ere, 7 urterekin atta galdu zuen Isabelek, eta ama sei seme-alabekin gelditu zen.
Ordura arte, Dantxarineko eskolan ibili zen Isabel: «Ainhoatik mojak gaten ziren eta gure aita zenak frantsesa ikastea nahi zuen, berak Donibane Lohizunen egina zuelako ofizioa. Baina gerra denboran mojak izitu egin ziren etortzeko. Hala, gerra hasi bitarte, frantsesez ikasteko eskola horretara gan nintzen. Baina, tarte horretan aita ere hil egin zen. Dantxarineko eskolan pagatu behar izaten zen eta ama bakarrik gelditua zen». Hortaz, gero Urdazubiko eskolan hasi zen, eta gaztelaniaz egin behar harekin, «gatazkak» ibili omen zituen Isabelek: «perro errateko eskatzen zidaten lagunek, eta nik ‘r’ frantses azentuarekin erraten nuen», gogoratu du irribarrez.
Eskolatik kanpo, karabinero eta soldadu dezente ibili omen zen garai hartan. «Nonahi baziren txabolak. Gure anaiak behorrak bazituen eta iluntzetan behorrak itzultzera gaten ginen, eta guardian zeudenek gu somatzean, ‘cuerpo a tierra’ erraten ziguten. Eurek ere izitzen zirela erraten zuten». Behin baino gehiagotan, soldaduak etxera ere joan omen zitzaizkien gosaltzera, gaua guardian eman ondotik: «kafesnea gogotik hartzen zuten –dio–. Ez zirela boluntarioak konprenitzen ginuen, eta eskualdun aunitz ere bazen». Gaineratu digunez, «soldaduek ez zuten inor kolpatu herrian».
Falangistekin, ordea, izan zen liskar bat edo bertze: «falangistek etxe bati su eman zioten Urdazubin. Etxe hartan apaizak apopilo zeuden, eta etxe horren jabea nazionalista zen. Mezako denboran eman zioten su etxeari. Ez zen su izigarria izan, baina herritar guztiak han bildu ziren itzaltzeko». Herritik haratago, «Irun erre zelarik gure etxetik garrak ageri zirela» oroitzen da Gantxeneko alaba, baita «Bilbo hartu zutelarik ezkilak aditu genituela» ere.
Urdazubi Iparraldearekin muga egiten duen herria izaki, kontrabandorako ere aprobetxatu zuten aunitzek, tartean Felipek ere bai, Isabelen senarrak. «Sos pixka bat biltzen ginuen, ez baitzen bertze deus ere izaten. Bizitzeko behar ginuen», aitortu digu. Kontrabandistek ezbehar bat baino gehiago ere izan zituzten karabineroekin: «hiru kontrabandista hil zituzten karabineroek. Batto kafea ekartzerakoan hil zuten mugan. Tiroa bota zioten eta nahi gabe hil zutela erran zuten, baina... Bertze bat odolustuta hil zen. Eritu eta ez zioten kasurik egin eta bertan gelditu zen. Eta hirugarren bat etxera heldu zela hil zuten; pixka bat komunista zela erraten zuten».
Gerra akitu zenean ere kontrabandoak segitu zuen eta Iparraldea hurbil izateak goserik ez pasatzeko eta handik jatekoa ekartzeko aukera eman zien: «Goserik ez ginuen pasatu, baina lasaitasunik ere ez. Beti pittat estutu behar izaten zen. Zenbat opil janak ote gara xingar hotzarekin!».
HILDAKOAK
«Arantzako hamar lagun hil ziren gerran eta politikagatik sei hartu zituzten preso»
Inaxi IPARRAGIRRE Arantza, 85 urte
ETXEAN KEZKA
«Goserik ez genuen pasatu baina beldurra bai, bi anaia gerrara ganak nituelako»
Rosario KARRIKABURU Arraioz, 89 urte
SALAKETAK
«Inor arrotzik etortzen bazen, abisatzeko esan zuten guardiazibilek eta izan ziren kasuak»
Maritxu SALABERRIA Goizueta, 89 urte
GAUEKO LANA
«Karabineroek hiru kontrabandista hil zituzten gerra garaian Urdazubin»
Isabel ORGANBIDE Urdazubi, 81 urte