Ezin izan du gaur hemen egon, baina seguru partida ikusten egon dela». Hitz horiekin Aimar Olaizolak atzo Lau t'erdiko pilota txapelketan irabazi zuen txapela aitari eskaini zion. Abenduaren 2an hil zen Olaizolatarren aita. Goizuetarrak Bilboko finalaren ondotik adierazi zuen, aitak indarra eman ziola.
Lau t'erdiko bosgarren txapela irabazi zuen Olaizolak abenduaren 12an Bilbon eta txapelketa honetako txapeldun handiena bilakatu da, Retegiren marka gaindituta. Ez zen final ikusgarria izan, baina goizuetarrak mendean hartu zuen Irujo, eta 22-12 bukatu zen partida. Sakearekin min egin zion iberoarrari, eta partida 13-12 zela erreskadan bederatzi tanto eginda erabaki zuen.
Hatza hautsi eta aita hil ondotik, ikusteko zegoen Aimar Olaizolak zer errendimendu emanen zuen kantxan, baina goizuetarrak berea egin zuen. Bere maila baino apalago ibili zena Irujo izan zen. Berez sakatzaile hobea da Iberokoa, baina ez zuen hasierako pilotakadarekin minik egin. Aimarrek, aldiz, sei tantu egin zituen sakez, horretarako Irujok aukeratutako pilota biziagoak baliatuta.