Malerrekako Euskara Batzordeak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Doneztebeko “San Migel” Lehen Hezkuntzako ikastetxeak “Euskaraz bizi nahi dut” izeneko bertso-paper eta ipuin lehiaketa antolatu dute Malerrekako ikastetxeetako ikasle eta irakasleendako. Beintza- Labaien, Doneztebe, Ituren, Legasa, Narbarte, Saldias eta Sunbillako ikasleek parte hartu dute.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek Ipuin lehiaketan hartu zuten parte. Parte hartzaileei ipuinaren hasiera eman zitzaien eta beraiek osatu behar izan zuten kontakizuna. Guzira 90 bat idazlan bildu dira eta epaimahaia IKA euskaltegiko Marga Erdozainek, Doneztebeko ikastetxeko Ernesto Dominguez irakasleak eta Izaskun Etxart Kontseiluko teknikariak osatu zuten.
Lehen saria Sunbillako eskolako 3. Mailako Ekaitz Bertiz Apezetxearentzat izan da, “Alejandra eta izarra” ipuinarengatik. Bigarren saria Sunbillako eskolako 4. Mailako Josune Madariaga Iriartek eskuratu du “Alejandra eta Kiev” lanarekin eta hirugarren saria ere Sunbillara joan da, 4. mailako Uxue Prieto Lopezek eskuratu baitu “Alejandra eta zaldia” idazlanarekin. Laugarren saria Iturengo Pulunpa eskolako Haizea Aioroa Apeztegiaren “Errumaniatik etorri zen familia” ipuinak lortu du eta bosgarrena Doneztebeko San Miguel eskolako 3. mailako Aritz Zulaika Irigoienek, “Errumaniar euskaldunak” ipuinarekin.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek, berriz, Bertso paper lehiaketa izan dute eta bortz bertso-xorta aurkeztu dira. Lehen saria Doneztebeko San Miguel ikastetxeko Junkal Martiarenaren bertsoentzat izan da eta ikastetxe eta maila bereko Patxi Martinek aipamena jaso zuen. Kasu honetan, Iker Gorosterrazu bertso eskolako irakasleak epaitu zituen bertsoak.
Sari banaketa azaroaren 30ean egin zen Doneztebeko eskolako jangelan. Ehun bat lagun elkartu ziren eta sariak banatu ondotik, txokolatea bizkotxoekin jateko aukera izan zuten.