Doneztebeko Iñaki Indart futbol zelai berria abenduaren 8an inauguratu zuten ofizialki. Belar artifizialeko zelai dotorea kasik denboraldi hasieratik erabiltzen ari dira Doneztebe Futbol Taldea osatzen duten 204 jokalariek beraien entrenamendu eta partidetarako, baina egun horretan egin zuten inaugurazio ofiziala.
300 lagunendako harmailak beteak ageri ziren ekitaldian eta herriko, eskualdeko nahiz Nafarroako Gobernuko eta Futbol Federazioko hainbat agintarik parte hartu zuten. Honela, Miguel Angel Pozueta, Nafarroako Kirol Institutuko presidenteak eta Jose Luis Diez Diaz, Nafarroako Futbol Federazioko presidenteak egin zuten ohorezko sakea, baina Doneztebe Futbol Taldeko presidenteak, Jaime Seinek ere. Kontent ageri zen Sein eta zuzendaritza batzorde osoa, 2004. urtean taldea sortu zenetik “etxeko” partidak Taxoaren, Uharten eta Elizondon jokatu behar izan baitituzte, horrek dakarren eragozpen eta arrisku guziarekin. Horiez gain, Doneztebeko alkate eta zinegotziak eta aitzineko legealdian, futbol zelaiaren egitasmoa gauzatzen hasi zenean, Nafarroako Gobernuko kontseilari izandako Begoña Sanzberro eta Maria Isabel Garcia Malo izan ziren Donezteben.
Inaugurazio ekitaldia, Doneztebe Futbol Taldea osatzen duten kategoria ezberdinetako hamabi taldeen aurkezpenarekin hasi zen. 2005ean jaiotako ttikienekin hasi eta Erregionaleko taldea bitarte, 204 jokalari ari dira Donezteberen izenean eta aipamen berezia egin zioten emakumezkoen taldeari ere. Aurten, futbol zelaia ez ezik, himnoa ere estreinatu du Doneztebek.
Talde guziei banan bana argazkia atera ondotik, Idoia Zamorano eta Josune Gagok Aurreskua dantzatu zuten, alebin B taldearen entrenatzaile eta jubenil mailako atezaina den Jorge Ostizek txistua jotzen zuen bitartean. Mikel Biain apezak ere bedeinkapena eman zion zelai berriari eta ondotik, adiskidantzazko partida jokatu zen Doneztebeko erregionaleko taldearen eta Osasunako eta Errealeko beteranoen artean. Gainera, Undiano Mallenco nazioarteko arbitroak egin zuen epaile lana, bezperan Championseko partida bat gidatu ondotik. Ordu erdiko partidatxoetan, Doneztebe eta Errealaren artean husna berdindu zuten, baita Erreala eta Osasunaren artean eta azken momentuan, Osasunak Donezteberi sartutako gol bakar batekin Iruñekoek irabazi zuten partida.
Baina guttienekoa emaitza zen, dagoeneko Doneztebek etxeko partidak Donezteben jokatzeko aukera izanen baitu.