Amaiur sokatira taldeak lan ona egin du asteburu gogorrean

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 28a

Euskadiko lauko txapelketan eta Nafarroako zortzikoan hartu du parte

Asteburu mugitua izan da Amaiur sokatira taldearentzat. Izan ere, larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) Euskadiko lauko sokatira txapelketako lehen tiraldiak egin zituen 300 kiloko kategorian eta hiru laukote paratu zituen goma gainean. Igandean, berriz, Nafarroako txapelketako hirugarren jardunaldian hartu zuen parte Berriozarren.

Asteburu mugitua izan da Amaiur sokatira taldearentzat. Izan ere, larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) Euskadiko lauko sokatira txapelketako lehen tiraldiak egin zituen 300 kiloko kategorian eta hiru laukote paratu zituen goma gainean. Igandean, berriz, Nafarroako txapelketako hirugarren jardunaldian hartu zuen parte Berriozarren.

Azaroaren 26an, larunbatean jokatu zen Ibarran (Gipuzkoa), Euskadiko launakako sokatira txapelketaren laugarren saioa, gizonezkoen 300 kiloko lehenbizikoa. 14 laukote ari dira pisu honetan bi multzotan banatuak, tartean Amaiurko hiru.

Bi multzotan Arrigorriagako Sokarri taldekoak nagusitu ziren. A multzoan, Sokarri Ak ez zituen tiraldi guziak irabazi, Ibarra A taldeak tiraldi bat irabazi baitzion. Amaiur Ak Sokarri taldearen kontra galdu egin zuen, baina Ibarra Ari biak irabazi. Honela, Sokarri Ak 16 tanto, Amaiur Ak 15 eta Ibarra Ak 13 eskuratu zituzten. Ondotik sailkatu ziren Urruña, Berriozar, Abadiño A eta Ezpeletako Ñapurrak A.

B multzoan, berriz, tiraldi guziak irabazi zituen Sokarri Bk. Amaiur Bk eta Ñapurrakek Sokarriren kontrakoak galdu eta elkarren arteko bana irabazi zuten, baita gainerako guziak ere. Honela, Sokarrik Bk 18 tanto, Amaiur B eta Ñapurrak B taldeek hamahiruna, Abadiño Bk 9, Amaiur Ck 6 tanto eta Arabako Kuartango-Urkabustaiz eta Ibarra Bk puntu bana eskuratu zuten.

Emakumezkoen 260 kiloko kategorian 7 talde aritu ziren eta Badaiozko bi taldeak izan ziren onenak, Sakana, Ibarra A eta B, Berriozar eta Bizkaiako Bizindar taldeen aitzinetik.

Kategoria hauetako bigarren jardunaldia abenduaren 4ean jokatuko da Berriozarren eta hirugaren eta azken jardunaldia abenduaren 17an Arrakundiagan.

 

Nafarroako 600 kilokoan bi talde

Nafarroako zortzinakako txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen azaroaren 27an, igandean Berriozarren, 600 kiloz beheitiko kategorian. Kategoria honetan bi talde aurkeztu ditu Amaiurrek. Orain arte bezala, tiraldi guziak irabazi zituen Amaiur Ak, 4 puntu eskuratuz. Berriozar izan zen bigarren, Amaiur B hirugarren eta Txantrea laugarren. Emakumezkoak seinaka aritu ziren, 390 kiloko kategorian eta Sakana nagusitu zitzaion Berriozarri.

Datorren larunbatean, abenduaren 3an, pisu hauetako bigarren jardunaldiak jokatuko dira Igantziko pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etatik aitzinera eta honenbertzez bukatuko da Nafarroako txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun