Alberto San Miguel Malerrekako Mankomunitatearen Lehendakariak, Patxi Mariezkurrena Malerrekako Euskara Batzordeko buruak eta Arkaitz Illarramendi Ziurtagiriaren Elkarteko ordezkariak gidatu zuten azaroaren 25ean, ortziral arratsean Malerrekako Euskara Mankomunitatearen egoitza berrian Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia. Guztira, 40 enpresek, komertzioek eta era guztietako entitateek jaso dute Ziurtagiria.
Ziurtagiriaren Elkarteak arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa eragiteko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten 40 enpresek, saltokiek eta bestelako entitateak egiten duten lanaren aitortza egin zuten azaroaren 25ean Donezteben, Malerrekako Euskara Mankomunitatearen egoitzan. Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiak Mankomunitateko eragileek Ziurtagiriarekin daukaten gogobete maila altua islatu du, hamarretik zazpik berritu baitute joan den urtean Ziurtagiriarekin sinatutako konpromisoa. Era berean, nabarmentzekoa da zazpi entitate berrik bat egin dutela egitasmoarekin: Artlepo, Arrate Estetika, Ainhoa ile-apaindegia, Ogi-Berri, Sasoi Eraikuntzak, Zergalan eta Iturengo Herriko Ostatua.
Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan banatu diren 40 Ziurtagirietatik hamaikak “Zerbitzua euskaraz” maila lortu dute eta gainontzeko guztiek, hau da, 29k, “Bidean” maila. Maila igotzea lortu dutenen artean, aipagarria da Beintzako aterpetxea, Kukuka haur arropa denda eta Sabaia inmobiliaria “Bidean” mailatik “Zerbitzua euskaraz” mailara pasa direla.
Alberto San Miguel Malerrekako Mankomunitateko Lehendakariak Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten entitateak zoriondu ondotik, norabide berean “urrats biziak” ematen segitzera animatu ditu. Segidan, Malerrekako Mankomunitateak euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarrei horretarako aukerak eta erraztasunak ematen dizkiela eta etorkizunean bide beretik segitzeko konpromisoa mantenduko dutela azpimarratu du.
Bide beretik, “euskaraz lan egin nahi duten enpresa eta pertsonei bidea eman behar zaiela” eta “euskaraz erosi nahi duten guztiei erraztasunak eman behar zaizkiela” adierazi du. Horretarako instituzioen inplikazioa beharrezkoa dela adierazi du: “Eredu egokiak eskaini behar ditugu, lege ausart eta egokiak bideratu, epeak ezarri, diru inbertsioak egin eta urrats biziak eman nahi dituzten entitate, enpresa eta era guztietako establezimenduak diruz lagunduz”.
Patxi Mariezkurrena Mankomunitateko Euskara Batzordeko burua pozik agertu da banaketa ekitaldian. Bere iritziz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiak agerian uzten du Malerrekan 2009ko urrian martxan jarritako Euskaraz bai dinamika “osasuntsu” dagoela. Segidan Malerrekako entitate, enpresa eta komertzioei dei egin zien aurrerantzean euskara erabiltzen segi dezaten bere egunerokoan: “Zuek komertzioetako arduradun bezala, eta herritarrak, bezero gisa, euskararen aldeko apustuari eutsi behar diogu. Euskaraz bizitzeko jarrera gure egin eta indartuz gero, euskararen normalizaziotik gertuago egongo baikara”.
Ekitaldia akitu baino lehen, Arkaitz Illarramendi Ziurtagiriaren Elkarteko ordezkariak eskerrak eman dizkie Bai Euskarari Ziurtagiria jasotzera gerturatu diren guztiei, gerturatzerik izan ez dutenak gogoan izan ditu eta Malerrekako Mankomunitateak arlo sozio-ekonomikoan, eta bestelakoetan, euskararen normalizazioan egiten duen lana goraipatu ondoren, “urrats biziak” ematen segitzeko gonbita luzatu du, “elkarlanean eta norabide berean, horrela lortuko baitugu soilik benetako normalizazioa”.