Azaroaren 26an, “Torturarik ez. Inpunitaterik ez” lemapean manifestazioa eginen da Iruñean, Golem zinematik 17:30ean abiatuta. Deialdi horrekin bat egin dute Mikel Zabaltza Gogoan herri ekimenak eta hainbat alkatek eta udal hautetsik, tartean, Lesaka, Goizueta, Baztan edo Arantzako alkateek.
Hain zuzen, larunbatean 26 urte beteko dira Mikel Zabalza atxilotu zutenetik eta gainera, berriki Mattin Sarasola eta Igor Portu lesakarrak torturatzeagatik kondenatutako lau guardia zibilen absoluzioak eraginda deitu dute manifestazio hau agente politiko eta sozial ezberdinek.
Asteazkenean egindako agerraldian, Mikel Zabaltza gogoan ekimeneko Ramon Gonzalezek eta Peio Etxabide Lesakako alkateak bat egin zuten manifestazio deialdiarekin. Honela, Etxabideren errantean, “Auzitegi Gorenaren epaia zentzugabekeria galanta iruditzen zaigu, eta, segur aski, indultuari itxura judiziala emateko ahalegin lotsagabea besterik ez da”. Modu berean, halako epaiek torturari inpunitatea ematen diotela uste du, “ez da onartzen tortura existitzen dela, zigorrik gabe gelditzen da, eta, ondorioz, orain eta geroan ere atxilotuekin hartaz baliatzeko pizgarria izan daiteke”. Manifestazioari atxikimendua emanez, “gure herrietako bizilagun genienen sentimendua adierazi bertzerik ez dugu egiten, amorrua eta sumina sentitu baitute Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan dutenean” azaldu zuen Etxabidek.
Mikel Zabalza gogoan ekimeneko Ramon Gonzalezek erran zuenez, “zoritxarrez, historia errepikatu egiten dela ikusten dugu. Izan ere, manifestazioa eginen den egun horretan bertan, duela 26 urte, gure herriko bizilagun bat, Mikel Zabaltza, Guardia Zibilak atxilotu ondoren hil baitzen Intxaurrondon jasandako infernu latzaren ondorioz. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuan bezala, Estatuak torturak izan zirenik ukatu zuen, eta zigortu gabe gelditu ziren”.
Mikel Zabaltzaren heriotza zigortu gabe gelditu baitzen, behin eta berriz agertu da ehunka Euskal herritarrek jasandako saioetan, “horixe baita inpunitatearen prezioa, tortura eta izua iraunaraztea polizia-etxeetan eta kuarteletan”, aipatu zuen Gonzalezek. Orbaitzetako Udalak agerraldian irakurritakoarekin ere bat egiten duela jakinarazi zuen.