Ibarrunen dauden Indonesiako altzariak Miarritzen erakutsi dituzte

Franck DOLOSOR 2011ko azaroaren 23a

250 erakusmahaien artean Mathieu Labandibarrena ere zegoen Miarritzen. Ispiluaren barnean saltzaile senpertarra ageri da lanean bezero bati informazio ematen ari. Franck Dolosor

Lau egunez 18.731 bisitari pasatu dira feriatik

Miarritzeko Irati erakustazoka berrian he­rritar frango ibili da az­ken egun hauetan bertan berriki ospatu diren zonbait ferietan, hauen artean Lurrama laborantza saloina, eta baita ere edertasunaren hitz ordua edo Solutions Maison etxegintzaren inguruko azokan. Ma­thieu Lanbandibar iba­rrundarra lehen aldikoz izan da Ipar Euskal He­rrian egiten den gisa hortako feria haundienean eta parada hortaz baliatu da TTIPI TTAPA harekin mintzatzeko.

 

• TTIPI-TTAPA: zergatik parte hartu nahi izan duzu holako feria batean?

Mathieu Labandibar: Hemen jende ainitz ibil­tzen da, ehunka egun guziz eta garrantzitsua da hemen agertzea Indonesiatik ekartzen ditudan altzariak ezagutarazteko. Ibarrunen ari naiz lanean baina jendearengana joan behar da. Lau egunez 18 731 bisitari etorri dira feriarat.

 

• TT: Baina feria hortan Euskal Herriko al­tzariak dira nagusi?

ML: Bertzerik ere badela erakutsi behar da. Nik Indonesiako altzariak ekarrarazten ditut. Kultura egurra da eta ba­tzuetan egur birziklatuak ere baditugu. Garbi geletako altzariak proposatzen ditut gero eta gehiago. Neurriz egindako piezak ekoizten ditugu bezeroen galdeei egokitu behar baitugu. Egia da Euskal Herrian etxe ainitz zaharberri­tzen dela eta beraz, neu­rriz egindako altzariak behar ditu jendeak. Behar dugu beti egokitu.

 

• TT: Noiz hasi zinen lanean sail hortan?

ML: Badira jadanik 5 urte abentura hau hasi zela! Teck egurra saltzen dugu gehien gehienik eta horrek bere tokia egiten du pittaka-pittaka gure artean. Itxura ona du eta gainerat, kalitate haundiak dauzka erresistentzia haundia diolakoz urari. Hastape­nean jendea harritua zen holako egurra hemen ikustea baina orain ikasten ari dira ez dugula bakarrik altzari exotikoa proposatzen. Guk linea modernoak eta garaikideak ere baditugu.

 

• TT: Gustuak ere aldatzen direlakoz…

ML: Hori da. Tenden­tziak daude, modak segitu behar dira, jakin behar da zer dagoen eta jendeak zer nahiago duen. Urte guziz berritasunak dauzkagu.

 

• TT: Zure lanak alde onik ere izanen du maiz Indonesiarat joan behar baituzu?

ML: Ez ezazuela uste oporrak direnik gero! Jendeak hori uste du baina ez da arras hola izaten. Han dena pres­ta­tu behar da gero kontenedoreak ekarrarazteko Europarat. Lana bururatzean bisitak egiten ditugu halere. Oreka ona da lan egitea batzuetan Senperen sorterrian eta bertzeetan munduan barna bidaiatuz. Biziki gustatzen zait biak ikustea. Etxean erakusgela bat badut zonbait al­tza­ri­rekin eta bertzeak neu­rrirat egiten dauzkigu­te. Garbi geletako altza­rietan harrizko edo marmolezko piezak ematen hasi gara ura biltzeko.

Miarritzeko Solutions Maison azokaren13. edizioa 2012­ko urriaren 4tik 7rat ospatuko da Ira­ti aretoan aireportuaren ondoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun