Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatearen eskutik, Iñaki Pikabea sukaldari beratarrak janariari ahalik eta probetxurik haundiena ateratzeko errezetak prestatu ditu.
Osagaiak
• 1/2 kilo txankarra hezur eta guzti
• 150 gramo oilo haragia
• Azenario bat
• 50 gramo garbantzo
• perrexila adarrean
• tipula bat
• 2 arraultza
• 150 gramo pasta fideo motakoa
• gatza
Errezetak
Txankarra (aretzearen belaunetik behera doan zatia) bere hezur eta guzti litro bat eta erdi inguru urez estali eta bertan azenarioa zuritua eta erdibitua, garbantzuak, perrexil adarrak (4 edo 5 bat) jarri eta su bizian utzi irakiten hasi arte. Sua jeitsi eta bitartean, tipula xerratan ebaki eta zartagin bero batean gorritzen paratu bi aldeetatik. Behin gorritua dagoenean, lehengo saldaren ontzira eraman, arraultzeekin batera, kolorea hartu dezan bukaerako zopa izanen denak. Motel-motel egosten utzi ordu eta erdiz eta ondotik, iragazi garbi gelditu dadin eta sutan jarri; gatza bota behar adina eta fideo gisako pasta ere bai, eta egosten utzi hamar bat minutuz. Bukatzeko, arraultza bat zuritu eta zatitan moztuta zopari nahastu eta egosita gelditu diren garbantzuak ere olio berotan prijitu kurruskari gelditu arte eta zopari laguntzeko ondoan zerbitzatu.
Txankarrarekin, hezurra alde batera utziko dugu eta haragia bertze batera. Tipula bat, azenario erdi bat eta bi baratxuri ale ongi erregosi eta hezurra bertan bota. Edalontzi bat ardo txurirekin busti eta bi minutuz egosten utzi ondotik, ura bota tapatu arte eta ordu batez egosten utzi nahaskia. Hezurra bertatik atera eta pasapurean edo puregailuan iragazi. Berriro irakin, gatz puntua probatu eta haragia zatitan moztu ondotik bertara gehitu. Onddoa eta ilarbila gustatu ahala gehitu eta guztia hamar minutuz elkarrekin egosi. Haragia saltsan prest izanen dugu.
Gelditu den oilo haragiari azala kendu eta zati ttikitan ebaki. Bexamela prestatu gurina eta olioa erabilita, 75 g denetara, 60 g irina eta litro erdi esne bero. Gatza eta piper xuri hautsa gehitu eta oilaskoa nahasi. Gelditzen zaigun arraultza egosia ere zatitu eta nahastu eta york urdaiazpikoaren 50 g fin ebakiak ere bai. Hozten utzi eta irina, arraultza eta ogi birrindutik pasa forma borobila emanez eta oilasko kroketa sorta bat egin.