Duela urte batzuk, Nafarroako Gobernuko arkeologia saileko ordezkariak Ezkurra eta Eratsun inguruan ibili ziren, gure bazterretan dauden arkeologiako arrastoak behar bezala katalogatzen.
Adituen arabera, hogei baino gehiago daude, eta horietan guztietan Iruñarri menhira dugu aipagarriena, aldi berean, Euskal Herriko garrantzitsuenetarikoa ere badena. Baina badira harrespilak, tumuluak eta trikuharriak ere, zehazki, Olegi, Malo, Aztun eta Latargi inguruetan. Guztietan badago bakoitza zer den azalduz seinalea, baina gehiago egin nahi da. Gipuzkoatik etorri eta azken urteetan gure herrian bizi den Beñatek, Fernandoren laguntzarekin, megalito horietan barrena ibilbidea markatu nahi du, makilen eta zuhaitzetan edo lurrean egindako margo seinaleen bidez. Markatutako ibilbidea Barranka ostatutik abiatuko da eta hortik Baztaneko borda alderako bidea hartuko du. Trikuharrien ondotik pasatuta, Malorako bidea hartuko da eta hortik Erakurrira. Handik jeitsi eta Ezkain aldera joanen da bidea eta aurrerago eta eskuinerago harrespil haundi bat dago Olegin. Bideari jarraituz, Eratsungo lur eremuan bukatuko da bidea, Iruñarri mendiaren azpian dagoen izen bereko menhirrean, hain zuzen. Hor inguruan tumuluak eta beste megalitoak ere badira.
Lerro hauek idazterakoan Beñat ibilbidea markatzeko materiala prestatzen ari zen eta behin horiek eginda, ibilbidean barna jarriko dituzte Beñatek eta Fernandok. Gastua ere bien gain hartuko dute. Ibilbideari buruzko azalpenekin orria idazteko ere asmoa badute.