Malerrekako Euskara Zerbitzuaren deialdiari erantzunez, lau lagunek eman dute helduen bertso eskolan izena eta taldea osatu denez, aitzinera egin du Malerrekan helduen bertso eskola sortzeko egitasmoak. Zubieta, Oiz, Ituren eta Doneztebeko lagun bana dira interesatuak eta Iker Gorosterrazu iturendarra dute irakasle. Ortziral ilunabarretan biltzen dira eta norbaitek interesa baldin badu, Ikerrekin jar daiteke harremanetan. Bertsolaritza hastapenetik lantzen hasi dira etorkizuneko bertsolariak.
Malerrekako Taldekako Bertsolari Txapelketarik ez
Aurten ez da Malerrekako Taldekako Bertsolari Txapelketarik izanen. Hirunaka egiten den lehia honek aitzinera egiteko, guttienez sei lagun behar dira eta Malerrekan lau baino ez dira prest agertu txapelketan parte hartzeko: Egoitz eta Iker Gorosterrazu eta Alazne Untxalo iturendarrak eta Irati Arrieta sunbildarra. Hala, zozketa bidez erabakiko dute zein hiru joanen diren Bortzirietako Taldekako Bertsolari Txapelketara.