Urteko garai honetan euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren 14. edizioa osatu dute Euskal Herriko ehun bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizioak. Merkatuko produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatu dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.
Papereko produktuez gain, www.katalogoa.org webgunean, merkatuan aurki daitezkeen bertze aunitz ageri dira. Gainera, argitaletxearen denda birtualera joateko aukera ere badago, produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, erosketa etxetik egiteko. Webgunea urte osoan kontsulta daiteke.
Paperezko edizioari dagokionez, 200.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan.
‘Jolastuko gara?’
Nafarroako hainbat herritako euskara zerbitzuk Jolastuko gara? izeneko argitalpena prestatu dute, urtebeteko haurrak dituzten familiei banatzeko. Liburuxkaren gai nagusia jolasa da, haurrari garatzen laguntzeko baliabide ezin hobea izateaz gain, etxean euskarari sarbidea emateko bitarteko egokienetakoa delako. Halere, argitalpen hau egitasmo zabalago baten zati bat da. Helburu nagusia familietan euskararen erabilera indartzea da, eta hori lantzen hasten dira umea jaiotzen denetik, horretarako lagungarri zaizkien materialak eta ikastaroak eskainiz.