Azaro hasierako euriek uholdeak eta lur-eroriak eragin dituzte eskualdean

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 23a

N-121A errepidea Bera parean. Utzitako argazkia

Errepideak ere moztu behar izan zituzten

Azaroko lehenbiziko as­teburuan egindako euriak uholdeak, lur-eroriak eta bertzelako kalteak eragin zituen eskualdean­. Eta hala, Oronoz-Mu­­gai­riko suhiltzaile profesionalek eta Bera, Lesa­ka, Goizueta eta Leitza­ko­ boluntarioek lana gogotik egin behar izan zuten.

 

Leitzaldean

Leitzan, Landabeikoa inguruan gainezka egin zuen Leitzaran errekak eta baratzeak hartu zituen. Sarrio lantegian ere ura sartu zen, baita ber­tze lokal eta sotoetan ere. Leitzarako sarbidea ere itxi egin behar izan zuten­.

Goizueta, Leitza eta Hernanirekin lotzen duen NA-4150 errepidea ere itxi egin zuten, baita NA-4014 erre­pidea ere Areso­ parean, urak gainezka egin eta hainbat putzu sortu zituelako. Leitzan, az­kenean, ez zuen inork bere­ etxetik atera behar izan, baina badaezpada Udalak Musunzar ostatuan gaua emateko auke­ra eman zien bizilagunei.

 

Baztan-Bidasoa ibaia

Bidasoa ibaiak bere ibilbide osoan hartu zuen­ altuera kontuan hartuz, alerta gorrian izan zen. En­darlatsan, erraterako, zazpi metroko altuera gain­ditu zuen. Elbete, Arraioz­ eta Elizondon uhol­deak eragin zituen euriak, karrikak, garajeak, dendak eta sotoak hartu baitzituen urak. Ibaia Giltxaurdi zubiaren gaine­tik pasatu zen Elizondon eta Jaime Urru­tia karrikan putzu handia egin zen. Belateko erre­pide zaharra ere itxi egin zen, bai­ta N-121-A errepidetik Lesakarako sarbidea eta Etxalarko Benta eta Igantziko Benta arteko zatia ere. Gauza bera gertatu zen Oronoz eta Otson­­do eta Orabidea lotzen dituen NA-4453 errepidearekin eta Etxa­lar­­tik Lizarietarako NA-4400 errepidearekin.

 

Urdazuri aldea

Euri aunitzekin Ur­da­zu­ri ibaiak gainezka egi­tean, Senpere ere kaltetua izan ohi da baina aldi­ honetan, ohi baino kalte ttikiagoa izan da, seguruenik Luberriako urtegiak ur aunitz atxiki zuelako­.

 

Litro metro koadroko

Gorramendin metro koadroko 241,11 litro bildu ziren azaroko le­hen­bi­­ziko asteburuan eta bez­perako haizeak 197 kilo­metro orduko abiadu­ra hartu zuen. Aranon me­troko koa­dro­ko 290,1 li­tro bildu ziren; Areson 212,5; Goizuetan 190; Amaiurren 171,4 eta Lesakan 155 litro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun