Adimen urritasuna duten pertsonentzat lanean ari den erakundea da Anfas eta urte hau berezia izaten ari da, aurten 50 urte bete direlako 169 lagun elkartu eta ezintasun psikikoa duten erakundea sortu zutenetik. Mende erdi beranduago, 2.926 bazkide dira eta 5.000 lagun baino gehiagok kolaboratu dute elkartearekin.
1961ean sortu zenetik, adimen urritasuna dutenen eta hauen familien bizi-kalitatea hobetzea izan da Anfasen helburu nagusia. 2010ean, adibidez, ezintasuna duten 1.200 laguni eskaini zieten laguntza Nafarroan. Baztan-Bidasoan Lesaka, Doneztebe eta Elizondon ditu egoitzak.
Hainbat dira hiru herriotan eskaintzen diren programa eta zerbitzuak. Alde batetik, atentzio goiztiarra eskaintzen da 0-6 urtekoentzako: estimulazio globala, logopedia, familiari babesa, trastornoa garapenean edo izateko arriskua... Honen barne 32 haur daude Baztan-Bidasoaldean, horietatik 22, 0-3 bitartekoak eta 10, 3-6 urtekoak. Adaptazio abileziak ere lantzen dira 6-16 urte artekoekin: abilezia akademikoak eta sozialak, hizkuntza eta komunikazioa, orientazioa eta babesa familiei... Horrez gain, familiei laguntza ere eskaintzen zaie. Batetik, guraso taldeetan hainbat alorretan lan egiten dute urritik ekainera. Bertzetik, adimen urritasuna dutenen ahizpa edo anaia-arrebentzat esperientziak konpartitzeko aukera izaten da. Informazioa partekatu, ezintasuna onartu, zalantzak argitu edo babes emozionala emateko saioak urritik ekainera egiten dira.
Ipuin-kontaketa ere lantzen du Anfasek eta informazio eta aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen die familiei, informazioa eman, konpainia egin eta aholkatuz.
Kanpaldiak ere egiten dituzte gaztetxoek udan. Gisa honetara, koordinatzaile eta boluntarioen lanari esker, hainbat jarduera egiteko aukera dute. Eta azkenik, Anfaseko familia, lagun eta adimen urritasuna dutenen abesbatza bat ere badago. Urritik ekainera hilabeteko larunbat batean elkartzen dira.
Eta guztia aitzinera ateratzeko ezinbertzekoak dira boluntarioak –eskualdean bortz–. Eta horixe da Anfasen behar dutena: boluntarioak. Norbait interesatua egonez gero: 680 459796, 636 804504 edo voluntariado@anfasnavarra.org.