Justizia sozialaren eta giza eskubideen defentsan lanean ari den Gobernuz Kanpoko Erakundea da Gizakia Herritar Fundazioa. Ahulenen alde egiten du eta helburu horrekin sortuak ditu hiru jarduera-lerro: Paris 365 jantoki solidarioa, Nafarroan dauden etorkinentzako Etorkin Aholkularitza Juridiko doakoa, eta Bizikasi institutua, fundazioko erabiltzaileen prestakuntza hobetzeko. Informazio gehiagorako eta harremanetarako: www.paris365.org, paris365@paris365.org eta 948 225178 (10:00-13:00). Facebook-en ere hor daude.
Zer da Gizakia Herritar?
Gobernuz Kanpoko Erakundea da, irabazi asmorik gabea eta interes orokorrekoa. 2008aren bukaeran sortu genuen Nafarroako hainbat lagunen artean bi helbururekin: gure inguruan premia larrian bizi direnen bizi-baldintzak hobetzea, batez ere pobrezia eta bazterketa sozialean daudenak eta, bigarrenik, herritarrak sentiberatzea justizia sozialaren eta giza eskubideen aldeko zereginetan aktiboki parte har dezaten. Gure laneko filosofiaren arabera, jarduera zehatzetan eta modu iraunkorrean parte hartu behar du gizarte zibilak, oraingo gizarte-eredua beste eredu solidario, bidezko eta berdintasunaren alderuntz aldatzeko. Pertsonetan sinisten dugu, gauzak egin eta aldatzeko duten gaitasunean eta, jakina, pertsona eta herrien kultura eta ohiturak errespetatzen ditugu.
Lanean ari zareten alorrean administrazioak ez duela behar adina egiten iruditzen zaizu?
Bai, ez du nahikoa egiten, eta, 42.000 langabe daudela, orain egin beharko luke administrazioak bere ahaleginik handiena behar gorrian daudenak babesteko. Hori baita administrazioaren betebeharra, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaletik datorren betebeharra.
Fundazioak dituen hiru jarduera-lerroen artean Paris 365 jantoki solidarioa izanen da adierazgarriena. Azaldu...
Egia da, Nafarroako gizartean, Paris 365 jantoki solidarioak izan duen inpaktu mediatiko eta soziala oso garrantzitsua izan da, eta bestetik, logikoa ere bai. Nafarroako BPGren maila altua da eta Europako bataz bestekoaren gainetik dagoen aberastasun maila izanda, bazirudien jantoki sozial bat izatea pentsaezina zela. Baina dagoeneko 53.000 bazkari eta afari baino gehiago banatu ditugu eta 1.500 laguni baino gehiagori egin diegu harrera. Ameskeria batean bizi ginen, baita Nafarroan ere, eta gainera, gero eta gehiago dira ahulezia, pobrezia eta bazterkeria sozialean bizi diren nafarrak, eta horrek gizarte desberdintasunak areagotzen ditu. Jantokiarekin batera, bigarren baliabide bat ere jarri genuen martxan, Nafarroan dauden etorkinentzako Etorkin Aholkularitza Juridikoa, hain zuzen, eta doan. Gaur egun, 12.000 kontsulta baino gehiago egin zaizkie 75 herrialdetako 2.500 laguni. Azkenik, Bizikasi institutua aipatu nahi nuke, boluntario eta erabiltzaileei prestakuntza eskaintzen diena, banaka edo taldeka egiten ditugun konpainiez arduratzen dena, eta proposatzen ditugun gizarte ekimenez eta hurrengo hilabeteetako baliabide eta proiektu berrien diseinu eta finantziazioaz arduratzen dena.
Fundazioaren egunerokoan boluntarioen lana garrantzitsua da, ezta?
300 boluntario baino gehiago ditugu, eta horietako 150ek astean hiru orduz laguntzen dute eta gainerakoek momentu jakinetan. Hainbat fundazioren kolaborazioa ere badugu eta 40 bat enpresekin sare bat ere bai, eta hauek elikagaiak ematen dizkigute batez ere. Guztiei eskerrak lortu dugu hona ailegatzea, beraiek dira fundazioaren eta honen proiektuen motorea.
Nola erantzun dio gizarteak zuen lanari?
Erantzuna apartekoa izan da, baina ez boluntarioen edo entitate eta enpresa kolaboratzaileen aldetik bakarrik. Tokiko hedabideen erantzuna ere garrantzitsua izan da, baita finantza erakundeena ere. Baina guztiaren gainetik Nafarroako gizarte zibilaren babesa somatu dugu, ehunka lagun anonimoren donazio ekonomiko ttiki eta handiei esker atera dira gure proiektuak aurrera. Fundazioko 225 bazkideez ere ez nuke ahaztu nahi, eta Nafarroako Gobernutik ere babesa jaso dugu.
HIRU ARDATZ
«Paris 365 jantoki solidarioan 53.000 bazkari eta afari baino gehiago banatu ditugu. Nafarroan dauden etorkinentzako Etorkin Ahol-kularitza Juridikoaren bidez, 12.000 kontsulta baino gehiago egin zaizkie 75 herrialdetako 2.500 laguni. Azkenik, Bizikasi institutua aipatu nahi nuke, boluntario eta erabiltzaileei prestakuntza eskaintzen diena eta proiektu berrien diseinu eta finantziazioaz arduratzen dena».