Donato Larretxeak segundu bakarrarengatik lortu du Nafarroako txapela berreskuratzea

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 21a

Larretxea, Lopez, Rekondo, Senosiain eta Erasun, Nafarroako Gobernuko ordezkariarekin eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkatearekin. Foto Zaldua

Orain, 30 kanaerdikotara apustua egiteko prest dago edozein aizkolariren kontra

Azken segunduan lortu zuen Donato Larretxeak Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia ortziralean Donezteben. Lezaungo Juan Jose Lopezekin lehia estua izan zuen final osoan. Azkenean, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko lana 31 minutu eta 7 segundutan egin zuen Donatok eta 31 minutu eta 8 segundutan Lopezek. Podiumeko hirugarren koxka Jon Rekondo leitzarrarentzat izan zen (34:43), Olagueko Antonio Senosiain izan zen laugarren (36:34) eta Aurtizko Ander Erasun bosgarren (37:43).

Azken segunduan lortu zuen Donato Larretxeak Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia ortziralean Donezteben. Lezaungo Juan Jose Lopezekin lehia estua izan zuen final osoan. Azkenean, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko lana 31 minutu eta 7 segundutan egin zuen Donatok eta 31 minutu eta 8 segundutan Lopezek. Podiumeko hirugarren koxka Jon Rekondo leitzarrarentzat izan zen (34:43), Olagueko Antonio Senosiain izan zen laugarren (36:34) eta Aurtizko Ander Erasun bosgarren (37:43).

Lehenbiziko enborra mozten azkarrena Donato Larretxea izan zen, Lopez-i 3 segunduko aldea aterata. Baina bigarren kanerdikoan 2 segundu ateratzen zituen Lezaungoak eta 60 ontzako bi enborretan ere zertxobait aitzinetik moztu zuen Lopezek. Baina, oinbiko enborretan berriz ere buelta eman zuen Donatok: lehenbizikoan, lan erdietan, denbora berean moztu zuten biek, eta bigarrena, 10 segundu lehenago Donatok. Baina enbor ttikiagoetara bueltatuta, berriz ere aitzinetik jarri zen Lopez. Zazpigarrenean, 23 segundu aitzinetik zen, zortzigarrenean 28 segundu aitzinetik eta bederatzigarrenean, azkenaurrekoan, 26 segundu aitzinetik. Bazirudien txapela lehen aldiz jantziko zuela Lopezek, baina Donatok indarra gorde zuen azken kanaerdikorako eta gorputza ederki estutuz, azken enborra bi minutu eta 17 segundutan moztu zuen eta Lopezek 2 minutu eta 44 segundu behar izan zituen. Errandakoa, segundu bakarreko aldea.

Hirugarren postua nahiko abudo segurtatu zuen Rekondok. Lehenbiziko enborra kasik batera moztu zuten Rekondok, Senosiainek eta Erasunek, baina segidan aldea ateratzen joan zen leitzarra. Laugarren posturako lehia gehiago izan zuten Erasunek eta Senosiainek. Seigarren enborra, bigarren oinbikoa, 3 segundu lehenago moztu zuen Aurtizkoak, baina pixkanaka Olaguekoa aitzintzen joan zen eta minutu pasatuko aldea atera zuen azkenean.

 

30 kanaerdikotara apostua jokatzeko prest Larretxea

Donato Larretxea apusturako prest dago. Nafarroako Lehen Mailako txapela jantzi zuen, eta badirudi horrek indarra eman diola, eta apusturako deia egitea erabaki du. Edozein aizkolariri jokatuko lioke 30 kana erdikotara. Martxoan jokatu beharko litzateke desafioa, eta enborrak Larretxeak berak eramanen lituzke. Dirutan, berriz, 12.000 eurotik goiti jokatu beharko lituzke aizkolari bakoitzak.

Abenduaren 3an jarri du aranztarrak hitzordua Tolosan, Kantabriko tabernan, 19.00etatik aitzinera.

Euskal Herriko Txapelketan ez da ateratzen Larretxea, baina garbi dago egun dagoen aizkolaririk onenetakoa dela, eta hori argi ikusi zen Nafarroako finalean. Orain ikusi beharko da ea norbaitek erantzuten dion. Olasagasti, Azurmendi eta Otaño dira zaleen ahotan dabiltzan izenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun