Bigarren urtez jokatu da Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketa, eta espero bezala, Joakin Aioroa iturendarrak irabazi zuen txapelketa ortziralean Donezteben, lehendabizikoz, 91 jasoaldi eginda; iaz baino bi jasoaldi gutxiago. Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan zen, 4 jasoaldi guttiago eginda.
Doneztebeko pilotalekuan jokatu zen txapelketa ortziral arratsaldean. Maila Nagusiko Nafarroako Aizkora Txapelketaren aitzinetik, Donezteben Ferietako jaialdian.
Joakin Aioroak, beraz, urte oparoa izan du 2011koa, Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan ere lehen postuan sailkatu baitzen, 94 jasoaldi eginda, irailaren 11n, eta baita Nafarroako Txapelketa ere, 91 jasoaldi eginda. Urrutiari dagokionez, bigarren izan da, bai Euskadiko Txapelketan bai Nafarroako Txapelketan (85 jasoaldi); uztailean jokatu zen Nafarroako Txapelketa.
18 kiloko ingudearekin ahalik eta jasoaldi gehien egiten ahalegindu ziren kirolariak, minutu eta erdian.
Bost kirolari aritu ziren lehian: Josetxo Urrutia (Leitza, Nafarroa), Joakin Aioroa (Ituren, Nafarroa), Igotz Ardeo (Getxo, Bizkaia), Unai Ardeo (Getxo, Bizkaia) eta Peru Hiribarnegarai (Getxo, Bizkaia).
Lazaro Bujan leitzarra ere aritzekoa zen txapelketan, baina bezperan ohartarazi zuen ezin izango zuela esku hartu.
2011ko Euskadiko Txapelketako sailkapena:
1. Joakin Aioroa (Ituren, Nafarroa): 91 jasoaldi
2. Josetxo Urrutia (Leitza, Nafarroa): 87 jasoaldi
3. Unai Ardeo (Getxo, Bizkaia): 83 jasoaldi
4. Igotz Ardeo (Getxo, Bizkaia): 81 jasoaldi
5. Peru Hiribarnegarai (Getxo, Bizkaia): 74 jasoaldi