Amaiurko gizonezkoen sokatira taldeak bosgarren urtez segidan Nafarroako txapelketa irabazi du 640 kiloko kategorian, larunbatean Elizondon jokatutako bigarren jardunaldian tiraldi guziak irabazita nagusitu ondotik. Seinakako mistoan ere, 420 kilotan, txapeldun izan da Amaiur.
Baztango taldea sasoiko dago, nahiz eta Mieljo Ariztia kapitainak aipatu duenez, “hurrengo txapelketei ekiteko behar den mailatik beheiti gaude, nahiz eta lanean gogor ari garen eta erritmo onean”.
Bigarren sailkatua Berriozar izan zen, hirugarren Basaburua-Imotz eta laugarren Txantrea.
Seinaka, txapelketa mixtoan lehia estua espero zen Amaiur eta Sakanaren artean, baina hemen ere baztandarrak aise nagusitu ziren eta txapela jantzi zuen. Sakana bigarren izan zen eta hirugarren Basaburua.
640 KILO (Gizonezkoak 8x8) SAILKAPEN OROKORRA
Txapeldunak: AMAIUR (8 puntu)
Bigarrenak: BERRIOZAR (6 puntu)
Hirugarrenak: BASABURUA-IMOTZ (4 puntu)
Laugarrenak: TXANTREA (2 puntu)
420 KILO (Talde mistoak 6x6) SAILKAPEN OROKORRA
Txapeldunak: AMAIUR (6 puntu)
Bigarrenak: SAKANA (3,5 puntu)
Hirugarrenak: BASABURUA-IMOTZ (2,5 puntu)
Hirugarren jardunaldia
Heldu den igandean, azaroaren 27an, Nafarroako sokatira txapelketako hirugarren jardunaldia jokatuko da eguerdiko 12:00etatik aitzinera Berriozarko frontoi berrian. Gizonezkoen kategorian, 600 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da eta Amaiurrek bi talde aterako ditu eta Berriozar eta Txantreak bana. Emakumezkoen 390 kiloko kategorian ez da eskualdeko ordezkaritzarik izanen eta Sakana eta Berriozar ariko dira.