Doneztebeko ferietan aziendak eta karrikako giroa izanen da ortziral goizean eta herri kirola arratsaldean

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 17a

Hainbat lagun bilduko da Merkatuko Plaza inguruan. Artxiboko argazkia

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketa eta Euskal Herriko ingude altxatze txapelketa erabakiko dira

Ohiturari eutsiz, San Martin ondoko ortziralean datoz Doneztebeko feriak. Aurten, azaroaren 18an suertatu dira. Goizean, aziendak ikusteko aukera izanen da Merkatu Plaza inguruan, baita hainbat salmenta postu ere. Arratsaldean herri kirolen txanda izanen da, Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiarekin eta Euskal Herriko ingude altxatzekoarekin.

Ohiturari eutsiz, San Martin ondoko ortziralean datoz Doneztebeko feriak. Aurten, azaroaren 18an suertatu dira. Goizean, aziendak ikusteko aukera izanen da Merkatu Plaza inguruan. Joan den urtean, ohiko behi gorri eta suitzar arrazako behiekin batera salers eta charolesa arteko nahasketa zuten behi iletsu batzuk eraman zituzten Bittor eta Antoni Mendiburu aita-semeek. Aurten ikusi beharko. Dena den, salmentan ez da izaten mugimendu handiegirik, jendeak ez duelako neguan behirik nahi, pentsua eman behar zaielako. Udaberrian, aldiz, belagiak garbi kontzeko gehiago erosten dira. Kontuak kontu, aziendez gain, nekazaritzako tresna berrien erakusketa izanen da aparlakekuan, baita hainbertze salmenta postu, taloak eta bertzelakoak ere Doneztebeko karriketan barna.

 

Dizdiraren erakusketa

Bertze aldetik, Anasaps-Dizdira elkarteak ate irekien eguna izanen du ortziralean eta horretarako “2011ko momentuak” argazki erakusketa ikusgai jarriko du Doneztebeko delegazioan. Bazkideek ateratako argazkiekin osatua dago erakusketa eta goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara irekia izanen da Udaletxearen ondoan duten lokalean. Jendea elkartea ezagutzera eta erakusketa ikustera animatu nahi dute Dizdira elkartetik.

 

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketa eta Euskal Herriko ingude altxatze txapelketa arratsaldean

Urteetako ohitura da Doneztebeko ferietako arratsaldean herri kirol saioren bat antolatzea eskolako frontoian. Batzuetan jaialdi arrunta izaten da, baina gehienetan, txapelketaren bat edo gehiago ere jokoan izaten da. Hala suertatu da aurtengoan ere, ez nolanahiko txapelketak gainera, Nafarroako Herri Kirol Federazioak iraga­rri duenez. Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko da, 17:30etik aitzinera. Floren Nazabal, azken urteetako txapeldunak ezin izanen du parte hartu, kanporaketaren atarian etxeko istripu baten ondorioz ezin izan baitzuen parte hartu. Hortaz, bere lekukoa hartzen saiatuko dira Juan Jose Lopez (Lezaun, 42 urte), Jon Rekondo (Leitza, 26 urte), Donato Larretxea (Arantza, 51 urte), Antonio Senosiain (Olague, 45 urte) eta Ander Erasun (Aurtitz, 21 urte). Aizkolari bakoitzak lau lakanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Ferie­tako herri kirol jaialdia ikusteko 15 euro ordaindu beharko da.

Euskal Herriko ingude txapelketa ere bertan jokatuko da.Iturengo Joakin Aioroa eta Leitzako Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan izanen dira eskualdeko eta Nafa­rroako ordezkariak. Berekin batera Bizkaiko Igotz Ardeo, Unai Ardeo, Peru Uri­barnegarai eta Kepa Arozena ariko dira eta kirolari bakoitzak ahalik eta gehienetan altxatu beharko du 18 kiloko burdinezko ingudea, minutu terdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun