Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen larunbatean Arbizun. Zortzinaka, gizonezkoen 640 kiloko kategorian eta seinaka, 420 kiloz beheitiko txapelketa mixtoan Amaiur nagusitu zen, tiraldi guziak irabaziz. Kategoria hauetako bigarren jardunaldia larunbatean 18:00etan jokatuko da Elizondoko frontoian.
Gizonezkoen 640 kiloko kategorian Amaiur taldeak nagusitasun handiz irabazi zuen; Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrearen aitzinetik sailkatu zen. Baztandarrek hasieratik gogor ekin zioten lanari, aurkariei aukerarik eman gabe. Berriozar izan zen talde gogorrena Amaiurrentzak, baina nahiz ongi jokatu ezin izan zuten gauz hundirik egin. Basaburua eta Txantrea berriz hirugarren postuaren borrokan izan beharko dute bertze bi talderen mailara oraindik ez direlako heldu.
Bainan borroka, eta berdintasun gehien, dudik gabe, lehiaketa mixtoan suertatu zen, Amaiur eta Sakanak batez ere erakustaldi paregabea egin baitzuten. Lan gogorra izan zen bi tiralditan, indarra eta kemen erakustaldi haundia. Azkenean bi tiraldiak Amaiurrek eraman zituen. Bien arteko borroka bakarrik izanen zela zirudien eta datorren larunbatean Elizondon txapela erabakiko zela uste zenean, Basaburua-Imotz taldeak maila ederra erakutsi zuen eta Sakanako taldeari tirada bat ekendu zioten. Sakanakoek amaiurtarren kontrako tiraldien nekea somatu zuten doike. Orai txapela Amaiurko taldeak arras gertu du eta Sakana eta Basaburuak berriz bigarren posturako lehia izanen dute.
Aipatu bezala, Nafarroako sokatira txapelketako bigarren jardunaldia azaroaren 19an, heldu den larunbatean jokatuko da Elizondoko frontoian, 18:00etatik aitzinera.