Doneztebarrak Merkatarien Elkarteak lanean segitzen du eta urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen ditu, Donezteben erosketak egiten dituzten bezeroak nolabait eskertzeko asmoarekin. Irailean Besta Ttikien inguruan feria bat egin zuten eta hamar bat komertziante atera ziren. Maiatzaren 1eko asteburuan ere indar hartu du pintxo lehiaketak eta merkatariek egiten dituzten bertze ekitaldiak. Aurten, berrikuntza gisara, Doneztebeko planoa argitaratu dute, elkarteko 49 zerbitzu eta komertzioen kokapena zehazten duena eta www.doneztebarrak.com webgunea ere berritu dute.
Ekainean zuzendaritza batzordea berritu egin zuen elkarteak eta honela, gaur egun Kukuka haur arropa dendako Natalia Rekarte da presidentea, Kimetz belardendako Lorea Agirre idazkaria eta Aparango Silvia Perez diruzaina. «Juntan sartu ginenean –aipatu digu Natalia Rekartek– bazkide berriak lortzeko kanpaina egin genuen eta 42tik 50era igan genuen eta orain batek utzi egin du». Urte hasieran izandako lapurreten inguruan ere bere kezka azaldu zuen Doneztebarrak elkarteak, baita sinadura bilketa bat bultzatu ere. «Orain kontua lasaiago dago –onartu du Natalia Rekartek–, Foruzaingoak bilera batera ere konbokatu gaitu, segurtasunari buruz zerbait egiteko».
Eguberrietan tonbola
Doneztebeko feria egunean denda batzuk euren produktuak karrikara aterako dituzte baina, gainerakoan, ez dute feria egun honetarako deus berezirik prestatuko. Urriaren 27an egindako bileran, eguberrietako kanpaina prestatzen hasi zen Doneztebarrak Merkatarien Elkartea. Iaz bezala, aurtengoan ere tonbola egiteko asmoa dutela aitzindu digu presidenteak. «Abenduan egindako erosketen bidez, tonbolako txartelak ematen dizkiegu bezeroei eta berehala ikusten dute saria duten edo ez». Dena den, saritu ez direnek zozketa batean sartzeko zenbakia ere izanen dute eta abenduaren 30ean eginen da zotz. «Jendea bertan egon beharko du, txistorrada, musika eta bertze gauza pila bat egiten da eta sariak bertan emanez, jendea erakartzeko modu bat da». Azkenean 3.000 euro baino gehiago joanen dira saritan eta bezeroek eskertuko dute, dudarik gabe.