Larunbat honetan abiatuko da Nafarroako Sokatira Txapelketa

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Amaiurko mutilak lanean. Artxiboko argazkia

Gizonezkoetan eta mistoetan lau talde atera ditu Amaiurrek

Larunbat honetan, azaroak 12, emanen zaio hasiera Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketari. 

Gizonezkoak zortziko txapelketan ariko dira eta bi kategoriatan lehiatuko dira: 640 kilokoan eta 600 kilokoan. Lehenbiziko multzoan talde bakarra aurkeztu du Amaiurrek eta biga­rrenean, berriz, bi: Amaiur A eta Amaiur B.

Talde mistoetan, seiko taldeak izanen dira eta 420 kilokoan ariko dira. Hemen ere talde bat aurkeztu du Amaiu­rrek. Emakumezkoetan seiko taldeak izanen dira, 390 kiloko lehian ariko dira baina hemen ez da eskualdeko ordezkaritzarik izanen.

Guztira lau jardunaldi jokatuko dira. Lehenbizikoa larunbat honetan jokatuko da. 640 eta 420 kilokoen lehenbiziko jardunaldiak izanen dira. Azaroaren 19an 640 eta 420 kilokoen biga­rren eta azken jardunaldiak jokatuko dira; azaroaren 27an 600 eta 390 kilokoen lehenbiziko jardunaldiak jokatuko dira Berrioza­rren eta abenduaren 3an, azkenik, 600 eta 390 kilokoen bigarren eta azken jardunaldiak jokatuko dira. Horrela emanen zaio bukaera goma gaineko aurtengo sokatira txapelketari­.

Amaiurko taldeekin batera, Berriozar, Txantrea, Basaburua-Imotz eta Sakana dira txapelketan parte hartuko dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun