Arte garaikidearen giroan murgilduko da herria Berinak II festibalaren karietarat

Franck DOLOSOR 2011ko azaroaren 9a

Artista andana elkartuko da Berinak II festibalaren karietarat. Franck Dolosor

Hainbat erakusketa ikusten ahal dira herrian barna

Polemika eta zer erran­ frango sortu zuen duela bi urte Berinak festibalak. Karioegia zela zioten batzuek. Senperen ez zela sekulan holakorik ikusi bertze ba­tzuen ustez. Ideiak ez zuen nehor bazterrean utzi, denek zuten zer­bait­­ erra­teko eta hori bera da Berinak festibalaren lehen hitzorduaren le­hen arrakasta haundia. 2009ko udazkenean, saltegietako berinak apaindu zituzten Anne Marie Jeannou eta Iñaki Viquendiren gonbidatuek. Aurten ere, arte garaikideak toki zabala izanen du eta gainerat, musika, dantza eta ber­tsuak ere izanen dira. Berinak II festibala azaroaren 5ean hasi zen eta 20a arte iraunen du. Jaialdiaren idekitze egunean, Elirale konpainiaren dantzaz eta Xabier Erkizia eta Kalakan taldearen musikaz gozatu ahal izan zen. Maia­len Lujanbio bertsulari xapeldunaren ahotsa entzuteko parada ere izan zen.

Orain zonbait­ erakusketa preziatzen ahal da Senpereko hain­bat tokitan. Jeanne Sus­plu­gas paristarrak bideoak, argazkiak eta marrazkiak nahasten ditu. Festibalaren karietarat, formaz alda daiteken egu­rrezko etxea eraiki du Viquendi zurgin senpertarrarekin. Beren aldetik, Patxi Laskarai eta Christian Borde Moustic argazkilariek beren lanak erakusten dituzte. Lehenak estetismoa ainitz lantzen du eta Euskal Herria erakusten du nehork ez bezala ikuspegi harrigarriei esker. Moustic-ek treina maiz hartzen du Euskal H­e­rritik Pariserat joateko lan egiterat. Treinetik hartu dituen argazkiak erakusten ditu Senperen egin duen lehen age­rraldian.

Ibai Hernandorena angeluarrak emozioak piztu nahi ditu errealitatearen perzepzioa aldatuz. Aste bateko egonaldia eginen du Errota Berrian obra bat sor­tzeko. Horiek oro eta bertze artista frango elgarretaratuko da gure herrian Berinak II festibalaren karietarat eta ez da dudarik aurten ere zer errana sortuko duela Anne Marie Jeannou eta Iñaki Viquendi arte garaikide zale senpertarrek elgarrekin apailatu duten biharko artearen hitzorduak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun