Euskarabideak hasiera batean onartua zuena baino dirulaguntza ttikiagoa emanen die Nafarroako euskarazko hedabideei, berriz ere murrizketak ezarri baititu.
Irailaren 7an Nafarroako Gobernuak aurtengo aurrekontuetan 327,25 milioi euroko gastu murrizketa eginen zuela jakinarazi zuen, aurrekontuaren egonkortasuna bermatzeko izanen zela erranez. Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topaguneak salatu egin dute bertze behin ere murrizketak egin direla eta zera azaldu dute: «eskarmentuak erakutsi digu halakoetan euskarari zuzendutako diru-sailak ez direla onik ateratzen. Iragarpena jakinarazi zenetik zenbaitetan Euskarabideara informazio eske jo genuen. Ez ziguten ezer erantzun. Edo bai, esleitutako dirulaguntza kobratzeko dokumentazioa aurkezteko epea aitzineratu zutela».
Nafarroako Gobernuaren murrizketek gizarteko hainbat alor ukitu dituzte, baita euskarazko hedabideak ere. Maximino Gomez Serrano Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak aurrekontua «doitzeko» hartutako erabakiak «Euskararen gaineko programak komunikabideetan» kontu-sailari ere eragin dio. Urriaren 31ra arte justifikatutako gastuak ordaintzeko adina diru baduela adierazi du Euskarabideak, baina urteko azken bi hilabeetarako aurreikusia zuen dirurik ez omen du.
Euskarabideak esleitutako dirulaguntzak bi epetan ordaintzen ditu. Dirulaguntzaren erdia jakinarazpenarekin batera ematen du, eta bertze erdia gastua justifikatu ondotik. Hasierako zatia emana du baina oraindik egiteko dagoen bigarren ordainketan murrizketa eginen du. Honela, bigarren zatirako aurreikusia zegoen zatian, %34ko murrizketa izanen dute Beleixe irratiak, Mailope aldizkariak eta TTIPI-TTAPA aldizkariak; Esan-Erran irratiak %37ko murrizketa izanen du, baita Pulunpe aldizkariak ere; Guaixe aldizkariari %20ko murrizketa egin diote dirulaguntzaren bigarren zatian eta Xorroxin irratiari %33koa. Murrizketa hauek bigarren zatiari dagozkionak dira. TTIPI-TTAPAren kasuan, osotara, hasieran onartutakoarekin alderatuz, %16,66koa izan da murrizketa.
Horren harira, «murrizketa horiek guztiek euskarazko hedabideok aurretik jasaten ari garen egoera ekonomiko larria areagotzen dutela» azpimarratu dute Topaguneak eta Nafarroako euskarazko hedabideek eta gaineratu dute, «hedabideok esleitutako diru kopuruak kontuan izanik egin ditugula urte guztiko aurreikuspenak. Orain, bat-batean, zati bat kentzeak lehendik ahula den gure ekonomia-osasuna kolokan uzten du».
Hedabideak euskararen ekosistema «mantentzeko, indartzeko eta biziberritzeko ezinbertzeko elementu bat» direla iritzita, Euskarabideari eta haren arduradun politikoei hori ahalbideratzeko, babesteko lan egitea exijitu diote Topaguneak eta Nafarroako euskarazko hedabideek. «Horregatik, esleitutako dirulaguntza bere osotasunean ematea exijitzen dugu», diote. «Aldi berean, sektoreko aktoreekin bildu, egoera aztertu eta etorkizunerako hitzarmen bat lantzea eskatzen dugu, Nafarroako Parlamentuak 2009an eskatu zuen moduan».