Arkupeak elkartearen aurtengo azken bidaia Lizarrara eta Lodosara egindakoa izan da. Urriaren 20an egin zuten eta 164 lagunek parte hartu zuten.
Lizarran herriko eraikin garrantzitsuenak ikusteko aukera izan zuten: autobus geltokia, Elgazena edo judutarren auzoa, San Pedro eliza, hamar komentu baino gehiagoren hondarrak, eta horien artean nabarmentzekoa, Santo Domingo deritzona, adinekoen egoitza bihurtua, eta horrekin batera, eraikinik ezagunena: Puyko Andre Mariaren basilika.
Gehienek merkatuan geldialdia ere egin zuten, jantziren bat edo bertze erosi eta nekazaritza produktuen postuetan barrena ibiliz.
Lodosan, kontserba fabrikako zuzendariak piperrak egosi ondotik, ontzi eta latetan nola prestatzen dituzten azaldu zuen. Bisitariek produktuak dastatzeko aukera izan zuten eta piperrak, zainzuriak edo orburuak erosi zituztenak ere izan ziren. Fabrika hagitz haundia ez denez, hiru taldetan banatuta egin ziren bisitak.
Bisitak bukatutakoan, Larrion jatetxean bazkaldu zuten eta 18:30 aldera etxerako bidea hartu zuten.
Hurrengo hitzordua abenduaren 15ean eginen dute Donezteben, urte bukaerako besta ospatzeko.