Menuetan euskarak presentzia egokia izan dezan kanpaina abiatu du Euskara Batzordeak

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Helburua lehentasuna euskarari ematea da

Malerrekako Euskara­ Batzordeak, Kontseiluarekin elkarlanean, Euska­raz jan nahi dut kanpaina paratu du martxan, jatetxeetako hizkuntza paisaian urratsak emateko asmoz, euskarak menuetan presentzia egokia izan dezan.

«Euskararen normalizazioa erdiesteko ezinbertzekoa da alor sozioekonomikoan eragitea euskara zerbitzu hizkun­tza izatera ailegatzeko», azaldu dute Euskara Zerbitzutik eta gaineratu dute, «zerbitzuak euskalduntzeko hizkuntza paisaia oinarrizko elementua dela eta funtsezkoa dela horretan urratsak ema­tea». Gure kulturaren parte garrantzitsu bat janaria eta jatea denez, jateko zerbitzua ematen duten jatetxe eta tabernei menuak euskaratzeko proposamena luzatu die Euskara Batzordeak.

Egitasmo honen bidez, alde batetik, Male­rrekako jatetxeetako menuak edo kartak aztertuz euskararen presen­tzia ezagutu nahi izan da; gisa berean, Euskaraz jan nahi dut zabaldu nahi da, eta euskararen normalizazioaren bidean, jate­txeetako menuetan urra­tsak ematea ere lortu nahi da, euskarari lehentasuna emanez. Hala, menua gaztelania hu­tsean duenari, elebiz jar­tzea eskatuko zaio; menua elebiz duenari, zoriondu eginen zaie eta euskaraz nabarmenago jartzea eska­tuko zaio eta menua euskara hutsean duen jate­txea zoriondu eginen dute.

Helburu horiek bete­tze aldera, Malerrekan ja­­teko zerbitzua eskain­tzen duten 30 establezimenduei bisita egin zaie. Eta hori baino lehen, hiru­ aste iraun zituen girotze kanpaina bat antolatu zen, ondoko irudietan ageri diren kar­­te­lekin. Malerrekako he­rri guztietan paratu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun