Krisi ekonomiko orokor honek bereziki eraikuntza sektorean izan du eragina, baina Ezkurran normaltasunez segitzen duen jarduera da. Orain dela gutxi Matxonea lehenengo landa-etxeko obrak bukatu ziren eta lanean hasteko Nafarroako Gobernuaren baimena ere badu.
Bestalde, Barranka ostatuan obran ari dira. Dagoeneko aterpe berria erabiltzen hasiak dira eta bazkaltzera joaten direnendako oso toki atsegina da. Lehenengo solairua Josebarendako etxebizitza gisa jartzeko egokitzen ere ari dira, gurasoen bidea segitzeko asmoa baitu. Eta poztekoa da, bai herritarrendako eta bai bisitariendako ere, are gehiago, ia egunero ostalaritzako enpresak ixten ari direla entzuten den garaian.
Eraikin ederra da eta bere garaian Ispillea deitua zen. Jose Luisen aitona eskualdera etorri eta lokala zabaldu zuenean hartu zuen Barranka izena, 1909. urtean.
Jose Mari Gogortza Txumaren etxebizitza berria ere inauguratzear egonen dira, berak eta Ezkain eraikuntza enpresako kideek egina.
Berriki, Martin Mariezkurrenak txabola edo borda bat ere eraiki du Ameztia alderdian, inguruko zelaietan dituen aziendak horra biltzeko. Gisa honetara, lehendik zegoen eta egoera kaxkarrean zegoena ordezkatu du.
Ezkurrako etxe, baserri eta borden argazkiak biltzen dituen liburuan herrian izan diren 79 borden argazkiak ageri dira, eta hori, garai batean etxe guztiek borda zutenaren erakusle da.
Gainera, udal artxiboan ageri denez, bere garaian 7.000 ardi baziren herrian. Gaur egun, herritar bakarra da abeltzaintzara soilik dedikatzen dena. Bertze zazpi erretiratuk ardi batzuk ere badituzte, baina Gobernuaren dirulaguntza jasotzen dutelako.
Orain dela urte gutxi, herritar batek ermita ondoan borda bat ere eraiki zuen, eta bere familiak ardiak gordetzeko erabiltzen du.