Iragarri bezala, Malerreka eta Bertizaranako sei herrietako eskolen topaketa egin zen urriaren 28an Sunbillan. Gisa honetara, eskola ttikiak bizirik daudela aldarrikatu nahi izan zuten. Eguna primeran joan zen eta ikasle batzuek kontatu digutenez, hagitz ongi pasatu zuten eguna. Frontoian margotzeko tailerra, aurpegiak margotu, globoekin irudiak egin eta Kulkiren eskutik jolasteko aukera izan zuten eta udaletxean filmak. Txokolate goxo batekin akitu zuten festa. Aipatu, bertsoa ere prestatu zutela:
Joku topaketak
ospatzen dugu Malerrekako herriak
Saldias, Labaien
Legasa, Ituren, Narbarte eta Sunbilla
ozenki errateko
eskola txikiak bizirik daudela
ez baita herririk
eskola gaberik
ez eta gerorik.
Defendatu dezagun
Herri euskaldun!
Gu gara txapeldun!
Ea hurrengo urtean ere berriro elkartzeko aukera duten.