Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aurrekontuetan egindako murrizketak salatzeko, urriaren 27rako greba deitua zegoen irakaskuntza publikoan eta eskualdean segida ia erabatekoa izan zen. LAB, STEE-EILAS, CCOO, CSIF eta ELA sindikatuek deitu zuten protesta eta jarraipenaren aitzinean kontent gelditu ziren.
Nafarroako zonalde ezberdinetako datuen arabera, jarraipena %50a baino handiagoa izan zen eta horri guttienezko zerbitzuak egitera derrigortuak izan diren irakasleak gehituta, jarraipena %70aren ingurukoa izan zela adierazi zuten sindikatuek. Hezkuntza Departamentutik Batxilergo eta Lanbide Heziketan guttieneko zerbitzuak egitera behartu zituzten eta gainera zenbait ikastetxetan guttienezko zerbitzuak greba egin nahi zutenen artean banatu ziren. «Guzti honek grebarako eskubidea urratzen duela» salatu dute sindikatuek. Nafarroako Gobernuaren arabera, berriz, grebaren jarraipena %33koa izan zen.
Eskualdeko datuei dagokionez, sindikatuen arabera, irakasleen greba erabatekoa izan da Baztan, Malerreka, Bertizarana, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskoletan, baita Arantza, Etxalar, Berako Ricardo Baroja, Leitzako Amazabal institutua eta Igantzi eta Goizuetako eskoletan ere. Doneztebeko Mendaur Institutuan jarraipena %92koa izan zen, Lesakako Irain eskolan %83koa eta Berako Toki Ona institutuan %77koa.
Greba egunaren aitzinetik sindikatuek deituta egin ziren bertze mobilizazioek ere, jarraipena izan zuten eskualdeko ikastetxe publikoetan.
6.000 lagun manifestazioan
Egun berean, Iruñean egin zen ekitaldi nagusia, Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Parlamenturaino manifestazioa eginez. 6.000 lagun inguruk parte hartu zuten. Gainera Tuteran, Donezteben, Lizarran, Beran zein Nafarroako bertze herrietan elkarretaratzeak izan ziren. Manifestazioaren bukaeran izandako poliziaren erantzuna gehiegizkoa izan zela adierazi zuten sindikatuek eta «hezkuntza hobetzearen alde aldarrikatzen ari ziren ikasleek errepresioa jasan zutela» jakinarazi zuten. Lagun bat ere atxilotu zuen Foruzaingoak.