Azaroaren 12an, larunbatean ospatu zen Etxalarko Usategietako lehiaketa gastronomikoaren lehen edizioa, Nafarroako Gastronomia Akademiako Teresa Gonzalez-Caminok antolatua. Inguru honetako hameka jatetxek parte hartu zuten eta Etxalarko Elutsako Pakita Altzugurenek irabazi zuen lehen saria.
Ez zen uso pasa handirik izan larunbatean Usategietan eta ehiztarien etxolan bildu ziren sukaldariak, lehenagotik beraiek sukaldetan egindako jakiak berotzeko. Sukaldari guziek usoa saltsan aurkeztu zuten, betiko moduan egina. Hiru sari eman ziren, urrezko paleta, zilarrezko paleta eta berrikuntzari emandako saria.
Epaimahaia Nafarroako Gastronomia Akademiako Fernando Galbete, Fernando Garcia Mina eta Teresa Gonzalez-Caminok, Etxalarko udaleko Arantxa Zubieta zinegotziak, Enric Dutournier Sarako alkateordeak, Euskadiko Gastronomia Akademiako Beatriz Mesak, Jose Maria Pikabea usazaleak eta Tafallako Tubal jatetxeko Atxen Jimenezek osatu zuten.
Kaxula guziak dastatu ondotik, Etxalarko Elutsa jatetxeko Pakita Altzuguren Telletxeak eskuratu zuen lehen saria; bigarren saria, Lesakako Kasino jatetxeko Josefina Sagardia Altzugaraik eskuratu zuen eta berrikuntzaren saria Sarako Olabidea jatetxeko Guillaume Faogarentzat. Horiekin batera, Etxalarko Herriko Ostatua, La Basque eta Etxalarko Benta, Berako Zalain eta Lenkonea-Churrut, Sarako Pottoka, Madrilgo Pacharanes eta Iruñeko El Trujal jatetxeak hartu zuten parte.