Asteburuko euriek uholdeak eta lur-eroriak eragin dituzte eskualdeko hainbat lekutan

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 7a

Erreka handitzeak ikusmina piztu du. Rosa Errandonea

Hainbat errepide ere moztu behar izan dituzte

Asteburu honetan egin duen euriak uholdeak, lur-eroriak eta bertze zenbait kalte eragin ditu eskualdeko hainbat lekutan. Oronoz-Mugairiko suhiltzaile profesionalek eta Bera, Lesaka, Goizueta eta Leitzako boluntarioek lana gogotik egin behar izan zuten.

Asteburu honetan egin duen euriak uholdeak, lur-eroriak eta bertze zenbait kalte eragin ditu eskualdeko hainbat lekutan. Oronoz-Mugairiko suhiltzaile profesionalek eta Bera, Lesaka, Goizueta eta Leitzako boluntarioek lana gogotik egin behar izan zuten.

Honela, Leitzan, Landabeikoa inguruan gainezka egin zuen Leitzaran errekak eta baratzeak hartu zituen. Sarrio lantegian ere ura sartu zen, baita beste lokal eta sotoetan ere. Leitzarako sarbidea ere itxi egin behar izan zuten igande goizaldetik arratsaldeko 18:00etara.

Goizueta, Leitza eta Hernanirekin lotzen duen NA-4150 errepidea ere itxi egin behar izan zuten, baita NA-4014 errepidea ere Areso parean, urak gainezka egin eta hainbat putzu sortu zituelako. Leitzan azkenean ez zen inor bere etxetik atera behar izan, baina badaezpada Udalak Musunzar ostatuan gaua emateko aukera eman zien zenbait bizilagunei.

Bidasoa ibaiak bere ibilbide osoan hartu zuen altuera kontuan hartuz alerta gorrian izan zen igandean. Endarlatsan, erraterako, zazpi metroko altuera gainditu zuen. Elbete, Arraioz eta Elizondon uholdeak eragin zituen euriak, karrikak, garajeak, dendak eta sotoak hartu baitzituen urak. Ibaia Giltxaurdi zubiaren gainetik pasatu zen Elizondion eta Jaime Urrutia karrikan, putzu handia egin zen.

Belateko errepide zaharra ere itxi egin zen, baita N-121-A errepidetik Lesakarako sarbidea eta Etxalarko Benta eta Igantziko Benta arteko zatia ere. Gauza bera gertatu zen Oronoz eta Otxondo eta Orabidea lotzen dituen NA-4453 errepidearekin eta Etxalatik Lizarietara doan NA-4400 errepidearekin.

Gorramendiko estazioan metro koadroko 241,11 litro hartu dira asteburuan eta ortzirakeab haizeak orduko 197 kilometroko abiadura hartu zuen. Aranon, oraindik ur gehiago bildu da larunbatean eta igandean, metroko koadroko 290,1 litro. Areson 212,5, Goizuetan 190, Amaiurren 171,4 eta Lesakan 155 litro bildu dira metro koadroko.

Bitxikeri gisara, itsasoko ekaitzatik urruntzeagatik edo auskalo zergatik, hainbat itsas txori ere ikusi dira Berako Agerran edo Lesakako Landazelaitan, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun