«Gazteak gero eta indibidualistagoak garelako eta aisialdirako alternatibarik ez dugula ikusita» Ernadi Rock besta antolatu du Malerrekako Gazte Asanbladak azaroaren 5erako, larunbaterako. Hasiera batean asmoa kontzertuak bakarrik egitea bazen ere, azkenean egun osoan antolatu dira ekitaldiak.
10:00etan argi soinuak izanen dira. 11:00etan kamiseta sormen tailerra eta haurrendako jokoak. Haurren jolas arruntez aparte, aurpegia margotzeko eta kamisetak egiteko tailerrak izanen dira. Haur bakoitzak bere kamiseta eramanez gero, gazteek marrazkiak paratuko dizkiete. 17:00etan gazte olinpiadak. Herrika edo kuadrillaka taldeak egin eta karrikaz karrika hainbat joko eginen dira, trikitilari, panderojole eta bertsolariekin. 17:30ean kafea eta kopa doan banatuko da. 19:00etan triki-bertso poteoa. 21:00etan afaria doan Santa Luzia plazan. 22:00etan kontzertuak izanen dira Santa Luzia plazan: Saguxar, Soñadores natos, Barniz por la nariz, Marianitoz blai eta Deskontrol taldeekin.