Urriaren 9an jokatu zen Asteasun (Gipuzkoa) Euskal Herriko Lokotx-biltze txapelketa eta bertze urte batez, Maika Ariztegi iturendarrarentzat izan zen txapela, aurtengoarekin hamaikagarrena.
Lau kirolarik neurtu zituzten indarrak: Maika Ariztegi (Ituren; 39 urte), Naiara Ferran (Gasteiz, Araba; 27 urte), Itxaso Hernandez (Legutio, Araba; 33 urte) eta Josune Gorostidi (Txarama, Leaburu, Gipuzkoa; 44 urte). Iturengoak 36 segundoko aldea atera zion Gorostidi txapeldunordeari eta zazpi segundogatik ez zuen hobetu iazko marka.
2000. urtean lortu zuen Ariztegik bere lehenbiziko txapela, eta geroztik, parte hartu duen guztietan bereganatu du txapela, 11 urtetan, alegia. 2004koan ez zuen parte hartu eta orduan, Naiara Ferranek irabazi zuen. Hortaz, 2004koa salbu, 2000tik gaur arteko txapelketa guztiak irabazi ditu. Gisa berean, txapelketako marka ere berak du, joan den urtean lortutakoa (07:17).
Ariztegiren markarik onenak
2010; 07:17
2008; 07:21
2009; 07:23
2011; 07:24
2007; 07:28