Nafarroako Kirol Jolasetan, buruz buruko pilota txapelketen finalak jokatu ziren urriaren 12an Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jubenil mailan, Txarutako Arkaitz Untxalo iturendarra izan zen txapeldun eta kadete mailan, azpitxapeldun izan zen Aurrerako Sagastibeltza.
Lehenbiziko finala kadete mailakoa izan zen eta Oberenako Espinalek 18-7 irabazi zion Aurrerako Sagastibeltzari. Oberenakoa 4-0 aitzinetik jarri zen, baina 4-3ra ere hurbildu zen leitzarra. Baina hortik 10era joan zen Espinal. 11-7ra ere hurbildu zen Aurrerakoa, baina hortxe gelditu zen.
Gazte mailako finalean, Txarutako Arkaitz Untxalo iturendarrak 18-9 irabazi zion San Migueleko Garaiori. Bana eta bina berdindu ondotik, zazpi tanto segidan egin zituen Untxalok, lau sakez eta bertze bat zabalean. Iturendarrak gauzak ongi egin zituen, eta partida erabakia utzi zuen (18-9).
22 urtez beheitikoetan, Erreka taldean ari den Beñat Oronoz pilotari lesakarrak finalerako txartela eskuratu zuen urriaren 15ean, Oberenako Etxamendiri 18-15 irabazita. Urriaren 22an jokatzekoa zuen finala Lanaren kontra.