Eskualdeko bortz herritan alkateak aukeratuko dituzte azaroaren 20an

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 27a

Beintza-Labaienen ez da zerrendarik aurkeztu bigarren deialdi honetan ere

Gero eta guttiago gelditzen da azaroaren 20an eginen diren hauteskundeetarako. Egun horretan, Espainiako hauteskunde orokorrez gain, maiatzean zerrendarik aurkeztu ez zen udal eta kontzejuetan ere hauteskundeak izanen dira.

Eskualdean sei izan ziren maiatzean udala berritu ez zuten herriak: Arano, Beintza-La­baien, Donamaria, Elgo­rriaga, Ituren eta Urroz. Bigarren deialdi honetan ia denetan osatu dute taldea, Beintza-Labaienen izan ezik, eta hala, hemen ez dute udal ordezkariak aukeratzeko hauteskunderik izanen. Talde bakarra aurkeztu da denetan; Urrozen, ordea, bi, Urroz­­ko Herria eta He­rriko Alkartasuna, eta bakoitza hiru ordezkarirekin.

 

Urrozen bi talde

Urrozen kasua aipa­tzekoa da. Izan ere, normalean ze­rrenda baka­rra aurkez­tu izan da hauteskundeetara baina aurten bi.

Zerrendak aurkezteko epea hurbiltzen ari zela, Urrozko Udalak herri batza­rra antolatu zuen­ zerren­dari buruz solasteko eta ahal bazen zerrenda osatzeko. Urriaren 7an egin zen eta dozena bat lagun agertu ziren, baina itxu­ra denez, inor ez zegoen prest zerrendan joateko. Hortaz, urria­ren 10ean, bere garaian egiten zen bezala, boz­ke­ta antolatu zen eta hila­ren 12an boto gehien zituzten bortz lagunak udaletxera deitu zituz­ten. Bortzek baiezkoa erantzun zuten eta norbaitek gehiagok nahi ote zuen galdetutakoan bertze­ batek ere baiezkoa eran­tzun zuen. Alegia, sei lagun agertu ziren prest zerrendan joateko. Kontua da, ordea, bortz hautagai baino gehiago ezin direla joan zerrenda berean eta hortaz, erabaki da bi talde osatzea, sei lagunekin.

 

Zerrenda itxiak eta irekiak

Donamarian eta Iturenen jakina da zein izanen den alkatea: Mikel Arregi Mindegia izanen da Donamarian, Herriarengatik taldeko ze­rrendaburua, eta Mari Jose Bereau Baleztena Iturenen, Bilduren izenean aurkeztua. Aranon, Elgorriagan eta Urrozen, aldiz, ze­rrendak irekiak dira eta hauteskundeen ondotik erabakiko da zein izanen den hurrengo lau urteetan alkatea.

 

Kontzejuak

Kontzejuetako ordezkariak izendatzeko hauteskundeak ere azaroaren 20an egitekoak dira, baina ez Narbarten, ez Legasan eta ez Oieregin ere ez zen ze­rren­darik aurkeztu. Hortaz, orain arte ardura hori izan dutenek segituko dute lanean, Nafa­rroa­­ko Gobernuak ber­tze bortz ordezkari izendatzen dituen arte.

Gaiaren harira, Lega­san bilkura deitu dute orain kontzejuko ordez­kari direnek, kontzejuaren desagertzeaz solas­te­­ko. Azaroaren 5ean izanen da, 15:30ean.

 

ZERRENDARIK EZ

Bigarren deialdian ere, Beintza-Labaienen ez da zerrendarik aurkeztu udal berria osatzeko. Eta gauza bera gertatu da Legasa, Narbarte eta Oieregin. Kontzejurako zerrendarik ez da aurkeztu.

 

DONAMARIA

HERRIARENGATIK

1. Mikel ARREGI MINDEGIA 2. Josu Jorajuria Bazterrika. 3. Idoia Arre­gi Azpiroz. 4. Iñigo Ezkurra Leonet. 5. Mikel Iriarte Antxo­rena. 6. Maria Teresa Urroz­ Oiarzabal. 7. Erik Sagardia Amiano.


ITUREN

BILDU

1. Mari Jose BEREAU BALEZTENA 2. Jagoba Manterola Ruiz. 3. Marcelino Bazterrika Altxu. 4. Mikel Gereka Zelaia. 5. Maria Milagros Erre­gerena Vera. 6. Carmelo Aioroa Uhalde. 7. Pedro Jose Altxu Ariztegi.


ARANO

HERRI AIERRIZ

1. Xabier Legarreta Etxarri. 2. Jose Antonio Ruiz Miner. 3. Maider Ansa Zuga­rramurdi. 4. Ainhoa Ansa Zugarramurdi. 5. Maitane Sarobe Olaetxea.


ELGORRIAGA

ELGORRIAGA

1. Jose Ignacio Olazar Apeztegia. 2. Ro­sa­ Maria Ibarra Ibarra. 3. Juan Jose Perez de Arri­luzea Sagasti. 4. Juan Miguel Sukilbi­de Olazar. 5. Jose Martin Larralde Ibarrola.


URROZ

URROZKO HERRIA

1. Iñaki Juanena Santesteban. 2. Xabier Matxinena Maritorena. 3. Francisco Jabier Urroz Telletxea.


ALKARTASUNA

1. Jesus Maria Ezku­rra Legazkue. 2. Xabier Mariezkurrena Agesta. 3. Ignacio Urroz  Gragirena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun